Sagarrari kosk, sagarrari dantza

Jon Miranda Labaien 2017ko uzt. 7a, 16:37

Sagarrondotik, sagarra; sagarretik, sagardoa. Euskal Herrian eta, bereziki, Gipuzkoan sagarrak izan duen garrantzia islatuko dute bihar Zarauzko Muñoa plazan estreinakoz eskainiko duten Sagartu ikuskizunean. 

Hika Teatroak eta Oinkari dantza taldeak elkarrekin osatu dute lana, eta, Agurtzane Intxaurraga zuzendariaren esanetan, “haratago” jo nahi izan dute emanaldian, unibertsalago bihurtzeko, historian zehar fruitu horrek izan dituen esanahiak aipatuta: “Bekatuarekin lotu izan da gehienetan, eta askotan egon izan da, gainera, emakumezko bat atzean”.

Hika Teatroa taldeko zuzendariak sagarrekiko lilura berezia sentitu izan du betidanik, eta Oinkari dantza taldeko ikasleekin erabili zuen lehen aldiz, duela bizpahiru urteko ikasturte amaierako emanaldian. “Elementu erakargarria dela konturatu nintzen, agertoki baterako oso aproposa: dinamikoa da, borobila, koloretsua. Oso teatrala da”. Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen enkarguz, Oinkariko dantzariek Sagardo Apuruan parte hartu izan dute pare bat aldiz, eta bertan ere sagarra erabili izan dute elementu gisa. Ideia horiek guztiak umotu eta bihar ikusi ahal izango da emaitza, Zarauzko Kaleko Antzerki Jardunaldien barruan.

Hasierako ideia argi zuela aitortu du Intxaurragak, baina ikuskizuna osatzea “gogorra” izan dela ere bai: “Lan zaila izaten da hutsetik hastea, ikertzea, probatzea, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikustea…”. Elkarlanean egin duten sormen prozesu hori Durangon erakusteko aukera izan dute Hikakoek eta Oinkarikoek. Hasiera batean, Arantxa Iturbek osatu ditu zuzendariak prestatutako testuak, eta Eneko Gil koreografoak egokitu dizkio dantzak sortutako dramaturgiari eta mugimenduen partiturari. Iñaki Dieguez irundarrak sortu du ikuskizunerako musika, Aldapeko sagarraren kantu tradizionala oinarri hartu, eta jazz eta funky ukituak dituzten kantuekin osatuta. Intxaurragaren ustez, doinu “alai, fresko eta ederrak” dira. Erritmo aldaketak lagungarri izango dira eszenarako. Zuzeneko emanaldietan, Iñaki Telleria ariko da perkusioarekin Dieguezekin batera.

“Kalean egin izan ditugu ikuskizunak, baina espresuki kalerako prestatutako lehenengoa da”. Hala adierazi du Eneko Arteagak, Oinkari dantza taldeko arduradunak. Plaza taldea da Villabonakoa, eta Hika Teatroak ere kalean egin zituen lehen urratsak. Kale ikuskizun bat prestatzearen arrazoien berri eman du Intxaurragak: “Arte eszenikoetan asko murriztu da areto denboraldia, eta, kaleko emanaldi bat eduki ezean, apiriletik urrira asko zailtzen da kontua”.

Oinkari dantza taldeak ia hamabost urte daramatza euskal dantza tradizionaletatik abiatuta garaikidean pausoak ematen, hasiera batean Edu Muruamendiarazekin eta ondoren Kukai konpainiarekin. “Guretzat naturala izan zen aldaketa”, azaldu du Arteagak. “Zerbait gehiago behar genuela sumatu genuen”. Ordutik ibilbide oparoa egin du Villabonako taldeak: 2011n, Ari du ikuskizuna osatu zuten Juan Kruz Igerabiderekin, eta lehenagotik elkarlanean ari ziren Korrontzi taldearekin. Arteagaren esanetan, “ahalegin handia” eskatu zien kolaborazio horrek. “Urtean 50 emanaldi baino gehiago izaten ditugulako eta horietako asko Espainiako Estatutik kanpokoak izaten direlako”.

Elkarlanaren emaitza

Oinkari dantza taldekoek 2012an ezagutu zuten Intxaurraga, Amantalen ahotsa emanaldiaren harira. Arteagak esan duenez, “liluratuta” geratu ziren, eta berehala eskaini zioten elkarlana. 2013an estreinatu zuten Itsasoaren emazteak ikuskizuna izan zen emaitza. Lau urteko ibilbidea egin dute emanaldi horrekin, eta emaitza “oso positiboa” izan dela esan du arduradunak.

Dantza taldeak iaz bete zituen 40 urte, eta hainbat belaunaldi elkartu ziren ospakizunetan: “Proiektua handituz joan zen pixkanaka, eta emaitzarekin oso gustura eta jendearen esker onarekin zoratzen gauden arren, nahikoa nekatuta bukatu genuen”. Denboraldi bat behar izan dute, beraz, atseden hartzeko eta berrindartzeko. Geldirik ezin egon, ordea, eta apirilean hasi ziren emanaldi berrirako entseguekin. Gogor ari dira lanean. “Lau orduko entsegu luzeak izaten ditugu Agurtzanerekin, eta gu ez gaude ohituta horretara”, aitortu du Arteagak.

Oinkari dantza taldeko hamazazpi dantzarik hartuko dute parte ikuskizunean. Intxaurragak azpimarratu duenez, “eskarmentu handiena” dutenak dira, aurrez Itsasoaren emazteak emanaldian aritutakoak. “Eta eszena kontrolatzen dutenak”. Egindako lanarekin “gustura” daudela esan du zuzendariak. “Eta gogotsu gaude jendeari erakusteko”.

Xabi Mujikak prestatutako jantziekin aterako dira dantzariak kalera, eta zirkulu itxuran emango dute emanaldia. “Etengabe izango dugu jendea inguruan”. Miren Gojenola aktoreak eramango du ikuskizunaren haria, Oinkariko dantzariekin batera. “Paradisuko garaietatik datorkigun sagar zerutiarretik Edurne Zuriren amaordeak erabiltzen zuen sagar gorri eta ustel hartara salto egingo du ikuskizunak; Japoniako sagastietako sagar perfektuetatik, hemen dastatzen ditugun sagar gozo, erre, mikatz eta bizi horietara”. Sagarra kosk, sagarra jan, sagarrari dantza.

Zarauztik Alegia, Villabona-Amasa, Astigarraga eta Adunara jauzi egingo du Sagartu ikuskizunak. Kale ikuskizuna da, egun argitan eskaintzekoa, baina gauez emateko ere moldatuko dute argiztapenarekin eta eszenografiarekin. Emanaldia oholtza gainera ere eramateko ideia buruan darabiltela adierazi dute Hika Teatroa eta Oinkari dantza taldeko kideek, baina pauso hori eman aurretik, emanaldiak, lehendabizi, bere bidea egingo du kalean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!