Iñaki Perurena Amasako kultur etxean

Ataria 2017ko uztailaren 7a

Uztailak 15ean, Harria. Maitasun historia emanaldia aurkeztuko du Amasako kultur etxean, 20:00etatik aurrera.

Udalak, Amasan ekintza kulturalak urte osoan sustatzeko bideari ekinez, Iñaki Perurena nafarraren emanaldi berezia antolatu du uda garairako. Euskal Herri osoan oso ezaguna den harri-jasotzaile eta aktore leitzarrak, harriarekin datorkigu oraingoan ere, ez ohiko moduan ordea. Arratsaldeko 20:00etan hasita, harriarekin izan duen istorioa modu berezian azalduko du ordubete inguru irauten duen emankizun poetikoan. Harria metafora, adibide eta hausnarketa bihurtzen dituen emankizunarekin batera erakustaldia ere egingo du.

Berak dioen moduan "harria urteetako bidelaguna izan da, bizi oso bat daramat harriarekin eta berarekin jarraitu nahi dut". "Ezingo nuke sufritu nire harri gainean hautsa ikustea eta era berean hautsak harrotu nahi nituzke, arnas berritzeak bizia ematen dit eta ingurukoek ere neurri batean hori bizitzea nahiko nuke".

Maite Izagirre alkateak, “egunero ikusten ez den ekitaldi berezi” honetan parte hartzeko gonbita luzatzen die amasar eta billabonatar guztiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!