Merkataritzaren inguruko azterketa eskatu du PSE-EEk

Ataria 2017ko uztailaren 4a

Herriko merkataritza dinamizatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izateko eta merkataritza eredu "orekatu, efiziente eta kontsumitzaileen zerbitzukoa" egonkortzeko eskatu dute sozialistek ikerketa.

Azken hamarkadan bizi izan den krisi ekonomikoak merkataritza sektorearen beherakada ekarri du Villabonako talde sozialistaren iritziz; ohitura aldaketak, komunikazioan eman diren hobekuntzak, mugikortasunak, on-line bidezko salmentaren gorakadak eta merkataritza zentro handiek eragin dute ahultzea. "Geldoa" izan arren, berpizte ekonomikoa antzematen den garaia egokia dela irizten diote sozialistek "ezinbestekotzat" jo duten azterketa egiteko.

Maria Luisa Arija, Villabonako PSE-EEko bozeramaleak ohar batean adierazi duenez, "merkatarien ekintzak dinamizatzeko politika aktiboak beharrezkoak dira, sektoreak duen gaitasun traktorea eta izaera estrategikoa garrantzitsuak baitira". Horregatik komertzio txiki eta ertaina babestea "udalaren lehentasunezko helburu izan behar du, Villabonaren garapen ekonomikorako ezinbestekoa delako. Merkataritzak ez dakar aberastasuna soilik, lan postuak ere sortzen ditu".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!