«Argentinan Mundiala jokatzeko esperantza dut»

Irati Saizar Artola 2017ko eka. 28a, 09:20
Eneko Maiz trinketlaria. IRATI SAIZAR

Azken txapelketetan binakakoan zein banaka maila ona erakutsi du Maizek; bere hurrengo erronka Argentinako Mundialean lehiatzea da.

Martxotik hona, Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako trinketeko txapeldun izatea lortu du Eneko Maiz billabonatarrak. Gravni txapelketa ere irabazi zuen apirilean. Egun, selekzioarekin dabil eta Argentinara 22 urtez azpiko mundialera joateko frogak egiten ari da.

Zer moduz ibili zara Euskal Herriko eta Espainiako txapelketetan?

Oso ondo, gustura. Euskal Herrikoan binaka jokatu dut Oier Gurutzealde Astigarragakoarekin. Ligaxkako bi partida irabazi eta finalaurrekoetara pasa ginen eta hau irabazita, finala Abadiñoko Tornosolo trinketean jokatu eta irabazi genuen. Espainiakoan, berriz, banaka aritu naiz. Ligaxkako hiru partida irabazi eta finalaurrekoetara pasa nintzen. Hau irabazi eta Garatea errioxarraren aurka irabazi nuen finala, uste baino errazago. Bi setetan irabazi nion. Trinketean, bi set hamabosteko izaten dira eta bakoitzak bat irabaziz gero, hirugarren bat jokatzen da hamarrera. Nik 15-8 eta 15-11 biak irabazi nizkion.

Bi txapelketen artean desberdintasunik nabarmenduko?

Desberdintasun handirik ez dago, soilik Espainiako partida guztiak Iruñean jokatzen direla eta Euskal Herrikoetan bazter guztietara mugitu behar izaten dela, bai Bizkaira, eta baita Arabara ere. Maila aldetik ere ez dago hainbesteko alderik: Euskal Herrikoan jokatzen dutenek Espainiakoan ere parte hartzen dute eta desberdintasunik nabarmenena da, horietaz aparte, errioxarrek ere parte hartzen dutela.

Apiriletik hona, Gravni, Gipuzkoakoa, Euskal Herrikoa eta Espainiako txapelketak irabazi dituzu. Zein da zuretzat garrantzitsuena?

Gipuzkoakoa eta Euskal Herrikoa binaka irabazi ditut eta Gravni eta Espainiakoa banaka. Garrantzitsuena niretzat Gravni da, batetik, Gipuzkoako selekzioarekin jokatzen delako eta herrialdea ordezkatu dudalako eta bestetik, Gravnin iparraldekoek ere parte hartzen dutelako eta ikusita Iparraldean maila altua dagoela, hori irabazteak bere meritua baduela iruditzen zaidalako. Gainera, Iparraldeko bati irabazi nion finala. Eta Espainiakoa ere garrantzitsua izan da, banaka izan delako. Izan ere, banaka, zailagoa da binaka baino, eta horrez gain, finaleko nire aurkaria, Garatea, duela bi urte Munduko Kopan binakako txapeldun izan zen eta horrelako trinketlari bati irabazteak zer pentsa ematen du.


Selekzioarekin zabiltza, Argentinara joateko aukera duzu. Noiz izango duzu erabakiaren berri?

Aurreko asteko larunbatean izan nituen lehenengo froga fisikoak eta gero udan zehar entrenamenduak izango ditugu Iruñeako Larrabide zentroan. Uste dut uda gehiena bertan pasa beharko dudala. Mundiala urria edo azaroa aldean da eta behin udarako frogak egin ondoren, pentsatzen dut iraila edo urria hasierarako erabaki beharko dutela zein eraman.

Esperantzarik baduzu?

Bai, espero dut hautatua izatea. Aurten, orain arteko txapelketa gehienak irabazi ditut eta esperantza dut Argentinan neure burua jokatzen ikusteko.

Nola prestatu zara txapelketa hauek irabazteko?

Orain arte, astean behin behintzat Irurako trinketean saio bat egiten nuen. Gero, nire kontura astean bi edo hirutan fisikoa lantzen nuen. Azken aldian, trinketean gutxiago entrenatu dut, partidu gehiago izan ditudalako, baina, orokorrean astean behin behintzat entrenatzen dut. Normalean, Villabonako Behar Zana klubekoekin aritzen naiz entrenatzen edo bestela, Gipuzkoan trinketean ibiltzen diren pilotariei abisatu eta entrenatzeko elkartzen gara. Baina, gehienbat, Imanol Arruti gure klubeko delegatuak lagundu dit; bai entrenatzeko moduak erakutsiz eta baita berarekin batera entrenatuz ere.

Noiz hasi zinen pilotan? Zein izan da zure kirol ibilbidea?

Pilotan txiki-txikitatik hasi nintzen, bost urterekin edo. Trinketean ordea, orain dela bi edo hiru urte hasi nintzen. Eskuetatik juxtu ibiltzen nintzen, partiduak eskuetatik gaizki bukatzen nituen eta delegatuak esan zidan trinketa probatzeko. Probatu nuen, asko gustatu zitzaidan eta orain arte.

Trinketean ez al da ba eskuetatik sufritzen?

Bai, baina, pilota oso desberdinak dira eta ez dut esango hemen sufritzen ez denik, zeren sufritu, sufritzen da, baina, frontoiaren aldean gutxiago, hobeto ibili naiz trinketean.

Zer desberdintasun dago trinketa eta frontoiaren artean?

Frontoia denok dakigun bezala ezker pareta eta frontisak osatzen dute eta trinketean ezker horman teilatua dago eta eskuin aldean ere pareta dauka. Teilatu horren azpian sarea dago eta hor sartzea tanto egiteko modu bat da. Zuzenean sarera sartzen bada, tanto da. Hori da eraikinaren diferentzia handiena. Bestalde, frontoia baino txikiagoa izanda, eman lezake gutxiago sufritzen dela, baina, tantoa egiteko zailagoa da, izan ere, frontoian baino zulo gutxiago daude. Fisikoki frontoian bezala sufritzen da, gehienbat banakako partidetan. Partida oso gogorrak izaten dira, 40 tantora izaten baitira eta hor ere diferentzia handia dago 22 tantora jokatzearekin alderatzen baduzu. Trinketean indarrak hobeto neurtu behar dira.

Euskal Herrian jendea esku pilotatik bizi daiteke. Trinketlariek badute horretarako aukerarik?

Egun, Frantziakoek soilik jokatzen dute profesional mailan. Profesional onenak trinketetik bizi dira; ez pilotariak bezain ondo edo antzeko soldatekin, baina, nik uste ondo bizitzeko adinako kirola badela.

Gustatuko litzaizuke noizbait trinketetik bizitzea?

Hori oraindik oso urruti dago, baina, zeinek daki. Agian, egunen batean profesionalekin partida batzuk jokatzera joan edo Iparraldeko txapelketaren batetik deitzen badidate, beste ilusio bat izan dezaket.

Iparraldean afizio handiagoa dago Hegoaldean baino?

Bai, askoz gehiago. Hara joan eta ikusi besterik ez dago. Hemengo partidetan trinketean biltzen direnak, gure gurasoak, aurkariarenak eta jokalariak soilik gara. Han berriz, trinketak leporaino beteta egoten dira, bai gazteen partidetan eta zer esanik ez profesionalenetan. Gainera, partidak asteko edozein egunetan izaten dira.

Zein dira aurrera begira dituzun erronkak?

Ikusita Gipuzkoakoa, Euskal Herrikoa eta Espainiakoa irabazi ditudala, hurrengo helburua Argentinara Mundialera joatea da eta han domina bat irabaztea da eta zenbat eta aurrerago geratu orduan eta gusturago.

Aurten, 22 urtez azpiko mundiala da eta azken urtea izango dut maila horretan. Zaila egongo da, mexikarrak eta frantsesak dira faboritoen artean kokatzen direnak. Baina, hurrengo urtean, seniorretan Bartzelonan lehiatuko da Mundiala. Ea aurtengoan maila ona emateko aukera dudan eta datorren urtean ere horrela errepikatzen den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!