Euskarazko antzerkigintzari bultzada

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko eka. 16a, 15:36

EHAEko Eneritz Artetxe, Mintzolako IƱaki Murua eta Xenpelarreko nere Erkiaga

Euskarazko antzerkiaren dokumentazio egitasmoa bideratzeko txostena egin du Mintzola Ahozko Lantegiak, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bitartez, eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen esku utzi du. Euskal Herri osoko 105 antzerkizaleren laguntza izan dute txostena egiteko. Txostenaren helburua "euskarazko antzerkiaren aktibazioan lagunduko duen dokumentazio zentro dinamikoa eraikitzea da". "Sorkuntzari zein zaletasunari dagokienez, gure lurraldean zabaltzen eta ezagutzan sakontzen lagunduko du", nabarmendu du Xenpelarreko Nere Erkiaga Laka koordinatzaileak.

Mintzola Ahozko Lantegiak egin du dokumentua, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bidez, izan ere, Mintzolaren "bokazioetako bat da bertsolaritzatik abiatuta, euskaraz, ahozko kultur sorkuntzan ari diren gainontzeko eragileekin elkarlanean aritzea", esan du Iñaki Murua Mintzola Ahozko Lantegiko lehendakariak.

Txostena osatzen 2016ko urtarrilean hasi ziren eta azaroan ireki zuten parte hartze prozesua. "Ibilbide luze eta aberatsa izan da, Xenpelarreko esperientzia hartu, orri txuri bat jarri, eta antzerkizaleen jakintza bildu dugu", esan du Nere Erkiaga Laka Xenpelarreko Dokumentazio Zentroko koordinatzaileak.

Guztira Euskal Herri osoko 105 antzerkizaleren esperientziak jaso dituzte lana egiteko, hainbat herritan antolatutako tailerretan parte hartuz edota zuzeneko elkarrizketen bidez, eta egoitza Bilbon duen Dantzertiren eta Iruñean dagoen Nafarroako Antzerki Eskolakoen "ideiak eta jakintza" ere bildu dituzte.

Erkiagak esan du lana antzerki eragile guztientzat izango dela baliagarria, izan profesional, amateur, zale huts, irakasle, ikasle edota ekoizle. Bi dira, beraz, helburuak: "Egungo euskarazko antzerki sorkuntzaren behatoki dinamikoa izatea eta garai zein lurralde guztietan euskaraz sortutako antzerkiaren memoria berreskuratu eta ezagutaraztea".

Txostena proposamen bat dela nabarmendu du Xenpelarreko koordinatzaileak eta baita dinamikoa dela ere. "Bizirik dagoen sorkuntza baten dokumentazio zentro dinamikoa izango da, eraldatzen joan daitekeena". Hizkuntza ikuspegia, aniztasuna eta elkarlana zainduko dituen elkarguneaz ere hitz egin du Erkiagak, eta baita dokumentazio egitasmoa bi planotan garatuko dela ere, hau da, "digitalki, internet bidezko plataforma baten bidez, eta fisikoki, Euskal Herri osoko antzerki eragileen topaleku izango den zerbitzu fisiko baten bidez".

Abiapuntu sendoa

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko Eneritz Artetxek ere hartu du hitza eta tresna hau beharrezkoa dela esan du eta gehitu "instituzioen laguntza" ere behar dutela. "Instituzio publikoei dei egiten diegu antzerkiak duen balioaz jabetu eta babesa eman diezaioten. Euren laguntza behar dugu". "Komunikazio tresna edo ospakizun soziala, antzerkia, galkorra dugu, aztarna gutxi uzten dituen jarduera baita. Ezaugarri horrek egiten du eder eta berezi, baina aldi berean, etengabeko arriskuan jartzen du. Gure kasuan, gainera, teatroaren izaera galkorrak bat egiten du hizkuntza-diglosiarekin; hori dela eta,  euskal antzerkiak aurre egin behar dion arazo estrukturalak bikoitzak dira", esan du.

Txostena abiapuntu "sendoa" dela esan du eta antzerkiak izandako gabezia handienetako bati aurre egiten lagunduko duela nabarmendu du. EHAZE dena den, hausnarketa prozesu batean murgilduta dagoela esan du Artetxek eta horregatik Mintzolak diseinatutako txostena eskuan, hurrengo pausoa zein izango den ez dutela zehaztu esan du. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!