Villabonako santioak 2017

Santiotako Gazte Eguneko kontzertua aukeratzeko bozketa

Ataria 2017ko ekainaren 13a

Ostiral gauerdia bitartean izango dute bozkatzeko aukera Amasa-Villabonan erroldatuta egon eta 2003 baino lehen jaiotakoek.

Uztailaren 26an, asteazkena, kontzertua izango da Santio jaietako Gazte Egunaren barruan. Aurten, aurreko urteetan bezala, herritarrek kontzertu horretan parte hartuko duen taldea edo taldeak aukeratu ahal izango dituzte internetez egingo den bozketa bidez.

Lehen fasean, taldeak proposatzeko aukera izan dute Amasa-Villabonan erroldatuta dauden 2003 urtea baino lehenago jaiotakoek. Igandean amaitu zen taldeak proposatzeko epea eta uztailaren 26an Villabonan jo dezaketela eta ekintza horretarako jarri den udal aurrekontuan sartzen dela frogatu ondoren, behin betiko zerrenda eman du Villabonako udaleko kultura sailak.

Bigarren fasea ekainaren 16ko 00:00etan bukatuko da eta http://villabona.gobernuirekia.eus/ helbidean bozka eman ahal izango dute herritarrek  jaiotze data eta NAN zenbakia jarrita. Amasa-Villabonan erroldatutako 2003a baino lehen jaiotakoek izango dute horretarako aukera, kasu honetan ere. Web gunean agertuko dira bozkatzeko arauak.

EH Sukarra, Willis Drummond, Arkada Social, Kaotiko, Gatillazo, Desira eta Korkones taldeen artean aukeratu ahal izango dute aurten billabonatarrek.

Iaz, Su ta gar taldea hautatu zuten herritarrek, baina azken orduko aldaketa bat medio, Vendetta taldea izan zen Gazteen Egunean Villabonan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!