Azken urteetan behera egin du euskararen erabilerak Villabonan

Jon Miranda Labaien 2017ko eka. 8a, 10:58
Asier Basurto, Soziolinguistika Klusterreko kideak aurkeztu zituen emaitzak asteartean. AINHOA AROZENA

Iaz egindako hizkuntza erabileraren kale neurketa egin du Soziolinguistika Klusterrak eta behatutako 1.389 elkarrizketetan jardundako 3.506 lagunetatik %36,2 aritu zen euskaraz.

Kezka agertu dute Villabonako udaletxeko bilkura aretoan bildutako herritarrek. Kezka, 2016ko hizkuntza-erabileraren kale neurketak utzitako emaitzengatik eta kezka, jende gutxik agertu duelako interesa emaitza horiek ezagutzeko. Asteartean egindako aurkezpenera dozena erdi lagun baino ez zen azaldu, nahiz eta eragile askori egina zitzaion gonbidapena.

Datuak bere horretan gordinak dira. 2016ko iraila eta urria bitartean Villabonako kaleetan, egun eta ordu ezberdinetan 20 orduz behatutako 1.389 elkarrizketetan solaskide izan diren 3.506 herritarrek osatu dute lagina. Euskaraz aritu dira %36,2, gaztelaniaz %60 eta beste hizkuntzetan %3,8. Eustatek 2011n emandako datuen arabera, Amasa-Villabonan euskaldunak %61,9 dira, %12 ia euskaldunak eta %26,1 erdaldunak.

Soziolinguistika Klusterreko Asier Basurtok eman ditu kale neurketaren emaitzak eta Villabonakoei testuingurua emateko mahai gainean jarri du beste indize bat: erabilera isotropikoa. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren eredu matematikoa aplikatu ondoren lortutakoa da. Horretarako euskararen ezagutza mailaren arabera espero zitekeen erabilera kalkulatzen da, hau da, ezagutza hainbestekoa izanik (Villabonaren kasuan %62koa) bikotekako, hirukotekako, eta laukotekako elkarrizketetan euskaraz hitz egitea estatistikoki zenbatean den posible aztertzen da. Horretarako erabilera isotropikoaren hipotesian, euskaldunak euskaldunekin elkartzen direnean beti euskaraz mintzatuko direla suposatzen da; 2011ko erabilera isotropikoa Villabonan %37koa zen eta iaz egindako kale erabileraren neurketak ez du kopuru hori gainditzen.

Inguruko beste herriekin ere alderatu dituzte datuak. Usurbilen eta Urnietan, adibidez, kalean gehiago erabiltzen da euskara eta gainditu egiten da erabilera isotropikoaren ehunekoa. «Horrek esan nahi du hiztun komunitatea trinkotuagoa dagoela herri horietan», esan du Basurtok. Hala ere, euren burua «ez zigortzeko» gomendioa luzatu zien Soziolinguistika Klusterreko kideak bertaratutako billabonatarrei: «aztertu, ondorioak atera eta neurriak hartzeko balio behar dute datuek».

ERABILERAN BILAKAERA

Hurrengo neurketei begira doikuntza baten beharra aipatu zuten aurkezpenera azaldutako herritarrek. Bi ibilbidetan behatu dira elkarrizketak eta ia udalerri osoa hartzen duen lehenengoak «hobeto ordezkatzen» du herriaren errealitatea, beti ere, herritarren ustez. Azoka ingurua mugatuagoa da (%23,3) eta bertan egin dira neurketen %40 inguru. «Ibilbide nagusian erabilera %45,1koa da eta horrek hobeto islatzen du Villabonako errealitatea» esan dute.

Ez da lehen aldia Villabonan hizkuntza-erabileraren kale neurketa egiten dela. Aurrez 2001, 2003, 2006 eta 2011n egin izan dira. Bilakaerari begiratuta euskararen erabilerak azken hamar urteetan lau puntutan egin du behera. 2011ko datuak aintzat hartuz gero, beherakada nabarmenagoa da, %43,8tik %36,2ra jaitsi baita. Duela bost urteko emaitzak ordea, «tentuz» hartu dituzte herritarrek, «puztutakoak» direla iritzi baitiote.

2016ko neurketaren emaitzak, Basurtoren esanetan, «sinesgarriagoak» dira, «lagina bera handiagoa delako». Adinka ere banatu dituzte emaitzak eta behatutako 14 urtez azpiko haurren %55,5ek izan dituzte elkarrizketak euskaraz. Datuak aldatu egiten dira haurrak euren artean bakarrik aritzen direnean (%52,1). Nagusiekin hitz egiten duten okasioetan emaitzak ezberdinak dira, nagusiak hitza hartu (%43) edo umeak hizketan aritu (%65,2).

Emaitzei erreparatuta, helduek umeekin euskaraz hitz egiteko ohitura gehiago dutela ikusten da, haurrek eta helduek osatutako taldeetan euskararen erabilera maila %54,6koa baita. Inguruan umerik ez dagoenean berriz, helduek euren artean ez dute euskara askorik erabiltzen, soilik %27,8ak. 15 urtetik 65 urtera bitarteko helduak dira, hain zuzen, adin tarte guztien artean euskara gutxien erabiltzen dutenak kalean: heren batek baino ez darabil.

Hala ere, eta euskararen kale erabileraren bilakaerari begiratuz gero, Villabonan, pertsona heldu gehiago dira orain euskaraz aritzen direnak duela hamar urte baino (+%5,2). Justu alderantzizko joera ematen da haur eta gazteen artean: 14 urtetik beherakoen artean erabilerak hiru puntutan egin du behera 2006tik, eta nabarmenago gazteen artean. Ia % 25 jaitsi da euskararen erabilera adin horretan.

NEURRIAK HARTU BEHARRA

Azken datu honekin eta neurketak eman dituen gainerakoekin kezkatuta, emaitzak herritarrei jakinarazi beharra azpimarratu dute aurkezpenera azaldutako herritarrek, tartean, udaleko ordezkari eta teknikariek. Bereziki, ikastetxe eta gazteekin lanketa berezi bat egin beharra aipatu dute eta azken urteetan eman den «erlaxaziorekin» amaitu eta euskaltzaleak aktibatzeko ekintzak antolatzeko komenientziaz hitz egin dute.

Uztaila hasieran kaleratuko ditu Soziolinguista Klusterrak Euskal Herriko neurketa orokorraren emaitzak. 129 udalerritan egin dira behaketak eta 450.000 solaskideko lagina osatu dute.

 

NEURKETAREN GAKOAK

1: Ibilbideak. Bi prestatu dira. Lehenengoan: Kale Nagusia, Erreboteko plaza, Berdura plazaa, Salvadorako etxeak, Kiroldegia, Errota, Arroa, Larrea, Oriamendi, Kale Berria, Malkar plaza, Txistularien plaza, Altzin, Txermin eta ikastetxe inguruak neurti dira. Bigarrengoan, azoka ingurua.

2: 20 neurketa ordu. Lehen ibilbidean urriko bi asteazkenetan arratsaldez egin ziren neurketak eta bi larunbatetan, goiz nahiz arratsaldez. Bigarren ibilbidean, astearte eta asteazken goizetan behatu ziren elkarrizketak.

3: Akats tartea. Erabat ausazkoa den laginketei egozten zaion akats tartea du neurkatak +-%3koa elkarrizketen lagin osoarentzat, %95eko konfiantza mailan.

 

%36,2: EUSKARAREN KALE ERABILERA.

Haurrek: %55,5

Haurrek (bakarrik): %52,1

Nagusiek (haurrik gabe): %27,8

Haurrek eta helduek: %54,6

Nagusia hitz egiten: %43

Haurra hitz egiten: %65,2

Helduek: %33,3

Gazteek: %41,6

Adinekoek: %28,0

Lagina: 3.506 solaskide.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!