Arteca enpresak 60. urteurrena ospatu du

Ataria 2017ko maiatzaren 19a

90ko hamarkada hasieratik Amasa-Villabonako Legarreta auzoan kokatuta dago kautxu eta metal arloan lan egiten duen enpresa. 60 urte bete dituela eta ekitaldia egin dute lantegian.

Gaur egun 140 langile aritzen dira Artecan eta ibilgailu eta trenen sektorean egiten dute lan. Hazkunde betean dago lantegia, bi pabiloi berri eskuratu baititu berriki.

Alfredo Sanz Artecako zuzendari nagusiak hartu du hitza hasteko gaurko ekitaldian eta enpresako langileek duten "ilusioa" nabarmendu du. Duela lau urte hasi zen zuzendaritza berria lanean eta "esperientzia gutxi izan arren", haiengan jarritako konfiantza eskertu du Sanzek.

Besteak beste, Eusko Jaurlaritzatik jasotako babesa eskertu du Artecako zuzendariak eta erakunde horretako ordezkari gisa, Jabier Zarraonaindia Industria sailburuordeak, lantegiko arduradunek agertutako "gogo eta borondatea" azpimarratu ditu. Amasa-Villabonan kokatuta dagoen enpresak produkzioaren %80a kanpora esportatzen du eta Zarraonaindiaren esanetan, horrek esan nahi du, "internazionalizatua eta mundura irekia" dagoela Arteca. 

Ekitaldian egon da Amasa-Villabonako alkate Maite Izagirre eta gogoan hartu du udalerriak duen "industria tradizioa". Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaera luzatu dio, Sacemgo zubia bezala ezaguna dena konpontzen lagun dezan. "Zubia ez ago egoera honetan eta berritzeko garaia da", Izagirreren esanetan.

Markel Olano, Diputatu Nagusiak aintzat hartu du Amasa-Villabonako alkatearen esana eta enpresak hazten jarrai dezaten azpiegiturak beharrezkoak dituztela aitortu du. "Foru Aldundiko Bide Azpiegitura sailaren bitartez, adibidez, berritu dugu Adunan Irizarren enpresa berrirako sarbidea eta berdina egiten jarraituko dugu". Olanoren hitzetan, erakundeen betebeharra enpresen ondoan egotea da eta haiei "babesa" ematea. Horretan jarraitzeko konpromisoa hartzeko baliatu du ekitaldia Gipuzkoako Diputatu Nagusiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!