Oria ibaian isurketa izan dela salatu du Eguzkik

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 15a, 17:22

Talde ekologistak jakinarazi duenez, aurreko astelehenean, maiatzaren 8an, Amasa-Villabona eta Zizurkil artean, Asteasu errekak Oriara urak isurtzen dituen tokian izan zen isurketa. Eguzkiren arabera, "ez da oso kaltegarria izan". Hau da taldeak kaleratu duen oharra:

Oria ibaian isurketa bat izan da Asteasu erreka Oriara isurtzen den lekuan, Zizurkil eta Amasa-Villabona artean. Guk astea aurrera joan ahala jakin badugu ere, isurketa astelehenean gertatu zen.

Jakin dugunez, isurketa kaltzio karbonatozkoa (CaCO3) izan da zeina gai oso ohikoa den paper fabriketan, papera leundu eta sendotasuna emateko. Gai arriskutsua gerta daiteke, beti ere kontzentrazioaren arabera, eta kasu honetan ez dirudi arrainik hil duenik.

Jakin orduko, harremanetan jarri gara Ura Agentzia eta beste zenbait instituzioekin. Egun ziurtatzeko moduan gaude Oriako paper fabrikatik egin dela isurketa, dirudienez balbula batek huts egin dielako. Ikusgarria izan bada ere, zorionez ez dirudi gertakari oso larria izan denik. Hala ere, Eguzkikook adi jarraituko dugu gaia zertan bukatzen den jakiteko eta egoerak hala eskatuko balu, beharrezko neurriak martxan jartzea eskatzeko.

Dena dela, gertakari honek argi uzten du, enpresa hau eta bere gisakoak, hau da, aspaldian eraikitakoak eta gai kutsakorrak egunerokotasunean behar dituztenak, ez dutela behar bezalako azpiegiturarik halako arazoei (enpresaren bertsioaren arabera) aurre egiteko. Horregatik enpresari berari halako egoerak edo larriagoak errepika ez daitezen beharrezko neurriak lehenbailehen hartzea eskatzen diogu. Ura Agentziari berriz, fauna eta landarediaren, hala nola, ura nahiz ibaien kalitatea bermatzeko, egoera bertsuan dauden enpresa edo lantegiei beharrezko prebentzio neurriak eskatzea exijitzen diogu.

Bukatzeko, herritarrei ere, halako gertakarien aurrean ahalik eta azkarren abisua emateko eskatzen diogu. Isurketa gertatzen den unean laginak hartzen ez badira, kasu askotan, oso zaila izaten baita arduraduna nor izan den jakitea. Horretarako 112 telefonora, Ertzaintzara (Ingurumen sail bat dauka), udaltzain edo talde ekologistongana jo dezakete.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!