Ardoa protagonista Errebote plazan

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko maiatzaren 13a

Egun osoan zehar, mota guztietako ardoak dastatzeko aukera izango dute Villabonako Errebote plazara inguratzen direnek. Bertan, laugarren urtez ari dira ospatzen Ardo Azoka, elkartasuna aitzaki hartuta.

Antolatzaileek esan bezala, "bertan bildutako diru guztia presoentzako izango da": Presoen senide eta lagunei banatuko zaie kantitate bat. Hori bultzatu nahian antolatu dute azoka. Goizean, jende ugari bildu bada ere, arratsalderako gehiago espero dute, eta beldur dira ea eguraldiak laguntzen dien. Ardoak, bestalde, Euskal herriko txoko ezberdinetatik ekarri dituzte, baita Galiziatik eta Italiatik ere. Kanpotik ekarritako ardo zuriaz gain, Nafarroako eta Arabar Errioxako ardo gorriak, beltzak, kriantzak, eta Aiako nahiz Alkizako Txakolina dastatzeko aukera dago.

Azoka arratsaldeko 15:00ak arte zabalik egon da, baina beranduago, 18:00etan, berriz irekiko dute, eta 21:00ak arte egongo da zabalik. Aurten, gainera, tokan aritzeko aukera izango dute izen ematen duten guztiek, eta irabazleak, ardo kaxa bat eramango du etxera. Horretaz gain, mota ezberdinetako ardo botilez osatutako kaxa bat ere zozkatuko dute bertaratzen direnen artean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!