Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa

Am...ona finalerako txartelaren bila joango da Bergarara

Ataria 2017ko mai. 10a, 12:46

Udal pilotalekuan izango da bigarren finalaurrekoa 17:30ean hasita eta Amasa-Villabonakoak eta Gabirikoak finaleko bigarren txartelaren bila ariko dira.

Karidadeko Bentarekin batera finalean abestuko duen beste taldea larunbatean Bergarako udal pilotalekuan izango den saioan erabakiko da.

Eskualdeko taldea «saio txukun» bat egiteko gogoz doa Bergarara. Am...onako beteranoena da Amaia Agirre eta aitortu duenez «entrenamendu askorik egiteko tarte handirik gabe baino gogotsu joango gara». Ilusioz prestatu omen dute hasierako agurra.

Aritz Garin epaile ariko da, gaiak ematen Iñaki Otaegi eta bertsotan Agirrerekin batera, Ander Goikoetxea eta Beñat Iguaran. Amasarraren ustez, «elkarren artean ondo moldatzea» da taldeak duen abantaila handiena eta ahulgune bezala aitortu du, Agirrek eta berak, «orain baino gehixeago» egin izan dutela bertsotan.

«Asko uste gabe» iritsi da finalaurrekoetara Goikoetxea, «nahiz eta jakin talde ona neukala inguruan». Abaltzisketako saioa «aho zapore txarrarekin»â€ˆbukatu zuela esan du billabonatarrak eta ariketek baino «beldur gehiago» ematen diola bere buruak. Zortziko handian ariko da eta baita oinak emanda bi bertso osatu beharreko ariketan: «Istorio bat jostean datza eta garrantzitsua da errematatzeko ideia bat azkar etortzea».

Barkatuko ez duen taldea izango dute parean: Gabiriko Osinalde. Aratz Igarzabal, Endika Igarzabal eta Gorka Maiz izango dira oholtza gainean. Iguaranen esanetan, «talde polita daukate, txispadunak eta elkarrekin askotan aritzen direnak».

Am...ona finalean sartuko balitz taldekako bigarrena izango luke Agirrek, 1999an bere irakasle izandakoekin kantatzeko aukera izan baitzuen. «Aurten Azpeitian egoteko ohorea izango bagenu niretzat izugarria izango litzateke, nire ikasle izandakoekin konpartituko bainuke oholtza. Dudarik gabe, egun ahaztezina izango litzateke».

Amasa-Villabonako taldeari ez zaizkio animoak falta, ezta ozeanoaren bestaldetik ere. Argentinan dabil Oihana Iguaran: «Zabalduaz herriko bertsoen paisaia / lehen hiruko zena seikotea da ia. / Eginari luzaro eustea da nahia; / Bergara aitzaki da, helburuan saia... / Azpeititik harago duzue sabaia». Eta gogoan hartu ditu taldekideak banan-banan: "Amaia esperientziz finalari hoska / Beñat motibazioz, markatuaz koska / Andriuk ze sorpresa eman duen, ostra! / Gai ta epaian ere, indartsu gatoz ta / Gabiriarrei baietz hau berdintzen kosta!".

Bergarako saiorako eta Azpeitiko finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Finaleko sarrerak, Sanagustin kulturgunean ere eros daitezke (Azpeitia).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!