«Helburu txikietatik abiatuta iritsi gara helburu nagusira»

Asier Imaz 2017ko mai. 10a, 08:00
Billabona FKE-ren talde teknikoko kideak. ATARIA

Billabona FKE-k bi jardunaldiren faltan igoera lortu du; hurrengo denboraldian Erregional Preferentean jokatuko du.

Talde nagusian lehen denboraldia duen arren, Asier Etxanizek (Villabona, 1978) ongi ezagutzen du Billabona FKE familia. Aurrez, infantilen eta kadeteen entrenatzailea izan da, eta egun, lehen taldeko entrenatzaile izateaz gain kirol zuzendaritzako kidea da. Lehen fasea bigarren amaitu zuten, Igoera Fasera sailkatuz. Hemen, jokatzeko 6 puntu falta direla, bigarren doaz.

Zarautzi 5-0 etxean irabazi ondoren, matematikoki igoera lortu zenuten asteburuan.

Emaitzak lagun izan ditugu, bai gureak eta baita aurkarienak ere. Puntuak pilatuz joan gara denboraldi osoan zehar, eta azkenean bi jardunaldiren faltan lortu dugu igoera.

Hain ondo ezagutzen duzun taldearekin, gainera.

Erregional taldeak hiru urteko ibilbidea dauka. Denak harrobitik ateratako jokalariak dira. Horrek ez du esan nahi denak billabonatarrak direnik, baina harrobikoak bai. Jokalarien %80-85 beheko mailetan entrenatuak nituen. Ezagutza horrek asko laguntzen dio bati lana: niri beraiekiko eta beraiei nirekiko.

Aurreko bi urteetan lortu ez duzuena lortu duzue.

Aurreko bi urteetan igoera fasean sartu ziren, maila bazegoenaren erakusle. Igoera fasean, ordea, gauzak ez ziren nahi bezala atera. Lehen fasean baina maila altuagoa zen aurkariena, emaitza txarrek animoak lausotu zituzten eta zailtasunak nagusitu ziren. Aurten garbi geratu da, entrenamenduetan esfortzu handia eginez eta helburu txikiak jarriz, igoera lortzeko moduko taldea zegoela.

Igoera Fasea, oso indartsu hasi zenuten, lider ere jarriz.

Gure multzoan lider doan Antzuolarekin hasi ginen, denboraldiko partidarik onena jokatuz. Antzuola gora eta behera ibili den taldea da, eta hona etorri zirenean, talde indartsu baten aurka jokatzera zetozela bazekiten, baina harrituta itzuli ziren, igoera postuetarako uste baino aurkari gogorragoa topatu zutela esanaz.

Lehen helburu txikiak aipatu dituzu. Zeintzuk izan dira horiek?

Denboraldi hasieran garbi genuen helburu txikiak jarrita helburu handi horretara iristea lortuko genuela. Horregatik, hiru helburu txiki geneuzkan. Lehena, aurreko urteetako balantzea egin ondoren, atera genuen: lagun arteko talde bat osatu nahi genuen, familia bat, inongo talkarik gabe. Gauza errezenetarikoa hori izan zen, jokalariek ikusi baitzuten guztion konpromisoarekin lortu daitekeela. Bigarren helburua Igoera Fasean sartzea izan zen. Ez da erraza izan, gure multzoan maila handiko taldeak tokatu zirelako. Horren adierazle da, Igoera Fasetik kanpo geratu zirenak orain Kopan goian dabiltzala. Hirugarren helburua, partidaz partida joatea izan da. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan gogor entrenatu, eta konpromiso horrekin emaitzak etorri egin dira; azkenean, igoera lortuz.

Asteburuko partidan konpromiso hori erakutsi duzue, hirugarren sailkatuaren aurka.

Aurreko astean, astelehena jai zen, eta jokalariei jai eman nien. Beraiek, ordea, entrenatu egin nahi zuten. Herrian jendea ere harrituta geratu zen, taldearen gogo eta konpromiso horrekin. Azkenean, hiru entrenamendu egin genituen; eta ikustekoa zen jokalarien gogoa eta intentsitatea.

Harmailetan gogo horrek isla izan al zuen?

Aste osoan zehar herriko jendea gu animatzen eta zortea opatzen ibili zen. Eguna iritsi zenean, ordu erdi lehenago, nabari zen ohi baino zaletu gehiago zebilela zelaiaren inguruan eta harmailetan. Jokalariek presio hori nola eramango zuten kezka nuen.

Eraman bakarrik ez, hazi egin ziren.

Hori da; asko gainera. Zarautz goiko mailako jokalari batzuekin etorri zen, baita denboraldia amaituta zuten jubenilekin ere. Partida garrantzitsua zela argi geratu zen. Eurek hirugarren postua mantendu eta guregana gerturatu nahi zuten. Bigarrengoak igoera lortzen duen bezala, hirugarrengoan beste multzoko hirugarrengoaren aurka jokatu behar du. Irabazleak igotzeko aukerak izan ditzake. Kontua zera da: partida gogorragoa izango zela pentsatzen nuela.

Taldea egon badagoela erakutsi duzue, behintzat.

Ez dut jokalariekin hitz egin hurrengo urtera begira, baina gehienak jarraituko dutelakoan nago. Horrek poza ematen dit, egindako lanak fruituak eman dituelako, baina hurrengo urtera begira ere gogoz daudelako jokalariak.

Bi jardunaldi falta dira aurtengo denboraldia amaitzeko. Jai giroko bi partida.

Jokalarien gurasoek aurreko partidaren ondoren luntx bat jarri ziguten, eta lehen ospakizuna orduan izan zen. Klubak azken jardunaldiaren ondoren sagardotegira gonbidatuko gaitu. Amaitzeko, taldeak itzuli bat egingo du. Baina ospakizunak ospakizun, jokalarien gosea azpimarratu nahi dut: bi jardunaldi falta dira, eta lehen postua nahi dute. Bi multzoetako lehenengoen artean txapelduna nor den erabakitzen da, eta jokalariek partida hori jokatu nahi dute.

Jokalari gehienek jarraitzeko asmoa dutela esan duzu. Eta entrenatzaileak?

Kirol zuzendaritzak erabaki beharko du hori, baina helburuak lortuta, pentsatzen dut jarraitzeko aukera hori izango dugula. Niri behintzat hori gustatuko litzaidake.

Hurrengo urtean Erregional Preferentean jokatuko duzue, besteak beste, Tolosa CF-ren bigarren taldearen aurka.

Hor ere bi multzo daude eta ikusi beharko da federazioak non jartzen gaituen. Nire ustez Tolosa B-ren taldean sartuko gaituzte. Ondo egongo litzateke, bi taldeen artean beti egon delako pike sano hori. Polita izango litzateke.

Zein helburu dituzue hurrengo denboraldirako?

Oraindik bi partida falta dira aurtengoa amaitzeko, gutxienez, baina hurrengo urterako lehen helburua maila mantentzea izango da. Pixka bat lanean hasi gara, eta ikusi beharko da taldea nortzuk uzten duten, lana edo ikasketak medio. Jokalari berrien bila ere bagabiltza, eta hor baditugu izen batzuk. Jubenilekin ere kontatzen dugu, eta horiekin ere hitz egin beharra daukagu, jakin dezaten euren ibilbidea ez dela jubeniletan amaitzen, erregional maila ere hor dagoela.

Erraza izango ez dena, bestela Intxurreri galdetu.

Alegiarrak gora eta behera ibili dira azken urteetan. Argi erakusten du erraza ez dela izango, eta jauzi bat egon badagoela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!