Lau belaunalditako oriamenditarrak batu dira festan

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 1a, 18:03

Villabonako Oriamendiko bizilagunek, gaur egungoek eta garai batean bertan bizi izandakoek, 60. urteurrena ospatzeko festa egin dute gaur

Ezin zuen bestela izan. Langile auzo batek, Maiatzaren Lehena, langileen nazioarteko eguna aukeratu du bere 60. urteurrena ospatzeko. Goizean goizetik tartekatu dira oroitzapenak, nostalgia, barreak eta harrotasuna. Villabonako zabalkundea ekarri zuen lehen auzoko bizilagun izatearen harrotasuna.

Jesusen Bihotza parrokian meza entzun ondoren gerturatu dira auzokideak Gurea zinema aretora. Han egin da eguneko ekitaldi nagusia, Arantxi Padilla kazetari eta auzotarren ondorengoak aurkeztuta. Oholtza gainera igo da, lehenik eta behin, gaurko eguna antolatzen ibili den taldea eta «poza» adierazi du egindako deiak izan duen erantzunagatik. Gaur bereziki omendu nahi izan dituzte 80 urtetik gorako oriamenditarrak. 44 kontatu dituzte antolatzaileek eta horietako asko izan dira Villabonako aretoan. Euren izena daraman zapia eman diete oparitan.

Oinargi dantza taldekoen emanaldiaren ondoren hitz egin du Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkatea eta aldi berean, Oriamendiko bizilagun denak. «Herri memoria» berreskuratzearen garrantzia aipatu du: «Ziur naiz egun zoragarri hau elkarrizketa xamurrez eta oroitzapen hunkigarriez beteko dugula. Hala behar du elkarbizitzaren sare indartsua landu nahi badugu». Alkatearen hitzak entzun ondoren, auzoko 60 urteak laburbiltzen dituzten irudiak jaso dituzte ikus-entzunezko batean.

Txalo eta malko artean amaitu da ekitaldia eta auzotik itzulia egin ondoren, Olaederra kiroldegian batu dira Oriamendin bizi diren edo bizi izan diren auzotarrak. 250 lagun baino gehiago, oroitzapenak berrituz eta ondorengo belaunaldiei –dagoeneko laugarrenari– transmitituz.

Erlazionatuak

Villabonako Oriamendik 60 urte

Jon Miranda Labaien 2017 api 27 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!