Beertoki azoka, garagardoaz gozatzeko

Ataria 2017ko api. 10a, 12:02

Iaz ospatutako Azokako irudi bat; aurten ere jende ugari inguratzea espero dute antolatzaileek. Imanol Garcia Landa

Apirilaren 22an ospatuko da Euskal Herriko Garagardo Artisauen azoka Villabonako frontoi estalian, goizeko 11:00etatik gaueko 23:00etara.

Bertako produktu artisauen kulturan, eta bereziki garagardoaren munduarekiko, interesa piztu zitzaien lau gazteren ideia izan zen Beertoki. Pixkanaka, Euskal Herrian produktu hau lantzen duten artisau ezberdinak ezagutu dituzte. Hori gutxi ez eta, taberna eta denda gehienetan dagoen eskaintza eskasa ikusirik, eta orokorrean jendeak garagardo artisauen existentziaz duen ezjakintasuna dela eta, duela bi urte, irabazi asmorik gabeko azoka bat antolatzeko ideia bururatu zitzaien, garagardo horiek ezagutzera eramateko.

Beraien helburu nagusia, bertako produktu artisauak aurkeztu eta eskaintzeko aukera emateaz gain, publikoari, Euskal Herrian, garagardoaren kasuan dagoen aukera zabala eta kalitate altua erakustea da. Era berean, garagardogile artisauei bultzada bat eman nahi diete, bestelako helburu bat ere badutelako, hain zuzen, herriari eta tolosaldeako eskualdeari bizia ematea.

Gainera, argi dute hau ez dela ia herri guztietan antolatzen den ohiko garagardo azoka bat. Hau artisau azoko bat da, non artisauek beraien produktuak aurkezten dituzten, erosleari bertan kontsumitzeko edo eramateko aukera eskainiz.

Aurtengoa, bigarren edizioa izango da, Iazko azoka oso arrakastatsua izan zen, eta espero baino hobeto atera zen dena, milaka pertsona inguru bertaratu zirelarik azokara. Iazko edizioan, hamazazpi garagardogile elkartu, eta hauek hirurogei garagardo mota baino gehiago eskaini zituzten. Horiez gain, jaki ezberdinez osatutako bi postu ere jarri ziren, eta egunar amaiera emateko, herriko hiru tabernatan kontzertuak antolatu ziren.

Iazko arrakasta ikusirik, azokaren formatua berdin mantentzea da asmoa, nahiz eta ideia berriak ere badituztela adierazi duten, baina hauek aurrera eramatea, jasotzen duten dirulaguntzaren araberakoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!