Pasa den hilabetean Mundu bat ahoz aho ikus-entzunezkoarekin egin bezala, apirilean ere proiekzio bat izango da Amasa-Villabonako Subijana etxean, Mintzola Ahozko Lantegiaren egoitzan: Mugaminak dokumentala eskainiko da. Ikus-entzunezkoan gidari lanak egiten dituen Amets Arzallus ere gurean izango da proiekzioaren ondoren egon daitezkeen galderei eta iruzkinei erantzuteko. Hitzordua apirilaren 6an, ostegunean, 19:00etatik aurrera izango da. Sarrera doakoa izango du emanaldiak.
Zipreren iparraldearen eta hegoaldearen arteko banaketa ekarri duen gatazkak eta harresiak herritarren artean eragin dituen bizipenak jasotzen ditu ikus-entzunezkoak. Amets Arzallusek eramango gaitu irlaren alde batera eta bestera, lekukotasun hunkigarriak jasoz. Era berean, Ametsek Zipreko mugako gatazka Euskal Herrian duen bizimodura ekarriko du, eta bertan familiarekin eta bertso-kideekin partekatu du hausnarketa. Zipreko Pafosen olerkari eta inprobisatzaileen emanaldi batean parte hartuko du Ametsek eta ondoren, Euskal Herrira etorriko dira inprobisatzaile zipretarrak; hain zuzen ere, Mintzola Ahozko Lantegiak, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren baitako egitarauan, antolatutako Europa bat-batean topaketara.
Xuban Intxaustik zuzendua, Donostia 2016ren Europa Transit proiektuaren baitan gauzatu zen dokumentala eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen lehendabizikoz. Egun, Lanku Kultur Zerbitzuak bideratzen du ikus-entzunezkoaren proiekzioa; beraz, zuen herrian emanaldia antolatu nahi izanez gero, jarri harremanetan Lankurekin lanku@lanku.eus helbidean edo 943 260 755 zenbakira deituta.