Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa

Am...ona bigarren itzulira!

Pasa den ostiralean Hernaniko Txalaparta Elkartean ospatu zen Gipuzkoako Herriartekoaren baitan, Hernani 2 eta Am...ona taldeen arteko bertso saioa. Bi taldeek Arnope (Deba, Mutriku eta Mendaro) taldeari irabazi ostean, beraien artean gertatzen zenaren baitan zegoen lehia.

Unai Agirre, Iker Osa eta Oier Iurramendi izan ziren Hernani 2 taldeko bertsolariak eta Oihana Iguaran, Beñat Iguaran eta Amaia Agirre Am...ona taldetik. Trikitixa eta guzti, hasieratik egurrean hasi ziren eskualdekoak, Etzakit taldearen kanten remix batekin.

Saio bikaina izan zen hasieratik. Amaia nagusi hasi zen 8ko handian jubilatuaren paperean Ikerrekin batera. 8ko txikian Oier NASAkoa eta Beñat estralurtarra jandun ziren kantuan eta 10eko txikian Oihanak eta Unaik Hernani inguruko eraikuntza gehiegikeria izan zuten bertso-gai. 

Puntu erantzunetan Beñat Iguaran nagusi izan zen eta gaiari bi bertso erantzuten Oihana eta Unai bikain jardun ziren. Azkenik, Amaiaren eta Oierren kontura jendeak barre egin ahal izan zuen oinak emanda osatu beharreko ariketan.

Azken ariketan, Amasa-Villabonako taldea parrandan tabernak itxi zaizkien hirukotearen paperean jarri zituen Eñaut Agirrek eta segidan horien taxista lanetan Hernaniarrak.

Azken emaitza 12na izan bazen ere, Am...onakoek Arnopekoei alde nabarmenagoz irabazi zietelako, Am...onakoak pasatu dira hurrengo fasera, eskualdeko beste hiru taldeekin batera.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!