Independentistek baiezkoarekin erantzungo diote galderari

Ataria 2017ko martxoaren 11

Independentistak sareak ekitaldia antolatu du gaur Villabonako Berdura plazan. Galdeketa antolatzeagatik herritarrak zoriondu eta "gehiengo sozial independentista" eratzen hasteko lanari ekiteko deia egin du.

Euskal estatu independente baten aldeko "baietza" eskatu diete herritarrei, datorren igandean, martxoaren 19an, Tolosaldeko Giltzarriak deituta eskualdeko 28 herrietan egingo den galdeketan.

"XXI. mende honetan 3ta inposatuta datorkigu ordenean, bai arlo politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalean, estatua eduki behar dugu, hori baita burujabetza homologatu bakarra munduan, eta aitortua izateko modu bakarra", esan du ekitaldian Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko kideak.

Prozesu hori zabaltzeko subjektu politikoa eratzeko beharra azpimarratu du Ariznabarretak eta gehiengo sozial independentista bat osatzeko deia luzatu du, "hemen dauden haurrek etorkizun bat merezi dute askatasunean". Independentziaren alde egiteko hamaika arrazoiak daudela uste du Independentistak sareak, "klabe politikoan eta identitarioan, baina baita demokratikoan, justizia sozial mailan eta sozio-ekonomia mailan".  

Gaur Villabonako Berdura plazan egindako ekitaldian parte hartu dute Beñat Iguaran eta Ander Goikoetxea aritu dira bertsotan eta Bihozkada taldekoek ere kantatu dituzte bi kantu. Amasa-Villabonako herritarrek eman dituzte independentziaren alde egiteko hamaika arrazoien berri. Barrikotearekin borobildu dute ekitaldia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!