Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? galderari erantzuteko aukera izango dute Tolosaldeko herritarrek datorren martxoaren 19an. Independentistak sareak abagune hori probestu nahi du etorkizunari buruzko eztabaida herrietara eramateko. Asmo horrekin batzarra antolatu du gaur 19:00etan Villabonako Gurea zinemako areto nagusian. Txutxi Ariznabarreta eta Antton Izagirre sareko kideak ariko dira hizlari.
«Osagarritasunean jardutea da gure asmoa» esan du Izagirrek, «planteatuko zaigun galderari baiezkoarekin erantzutea garrantzitsua da, baina hori bezain inportantea da egitera goazen ariketaz kontziente izatea». Euskal estatu berriaren parte sentitzeak duen garrantzian egin du azpimarra tolosarrak.
Gaur egun «dependentzia» ekartzen digun estatu bateko kideak garela uste du Izagirrek eta horrek berez dakarzkigula hainbat oztopo. «Guk estatu eredu berri bat planteatzen dugu, non hobeto bizi nahi izatea nahikoa izango den bertako kide izan ahal izateko». Euskararen garapenak nolakoa beharko lukeen erabakitzeko aukera emango luke euskal estatu berri horrek Izagirreren esanetan, baina ez hori bakarrik: «Erabaki ahal izango genuke zer nolako harremanak nahi ditugun inguruko herriekin edo zer nolako harrera egin nahi diegun beste herrialdeetatik datozenei».
Martxoaren 19koa, erabakitzeko eskubidea egikaritzeko ariketa izango da eta ariketa hori edukiz betetzeko asmoa du Independentistak sareak. «Eduki sozial, politiko eta ekonomikoz». Euskal estatua eraikitzeko prozesu horretan Giltzarriak deitu duen galdeketa hasiera baino ez dela izango esan du Izagirrek eta beraz, «beste lan molde batekin» jarraitzeko deia luzatu du.
ABERRI EGUNA, GERNIKAN
Gaur arratsaldeko batzarrarekin batera beste hitzordu bat ere gogoratu du Independentistak sareak. «Aurten Gernika Batzordetik lankidetzarako deia luzatu digute eta momentu egokia iruditu zaigu Aberri Egunaren antolakuntza beste eragile gehiagotara zabaltzeko, alderdi politikoez harago».
Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira antolatu diren ekitaldiekin batera etorriko da, beraz, Aberri Eguna, aurten, apirilaren 16an.