Aurrekontu proiektua aztertzeko udal talde desberdinek denbora eduki zezaten, urtarrileraino atzeratu du udal gobernuak aurrekontua onartzeko osoko bilkura ohar batean jakinarazi duenez.
6.300.000 eurokoak diren urte honetarako udal-kontuek," krisialdi orokorraren baitan ere, oso izaera soziala izango dute". Inbertsioen atalean, aurrekontuak udalaren ondarea berritzeari ematen dio lehentasuna, eraikuntzak birgaitzeko eta instalazioak berritzeko kontu sailak jasoz.
2017rako aurrekontuak pilotalekuak hobetzeko 100.000 euroko kontu-sail bat jasotzen du, "erabiltzaileekin eta pilota alorreko erakundeekin lehentasunak zein esku hartze zehatzetan finkatuko diren adostea aurreikusia dagoelarik". Inbertsioen atal horretan, eta 30.000 euroko aurrekontuarekin, hobekuntzak gauzatuko dira Arroako eskolaurrean (fatxada eta estalki berria) eta Arratzaingo futbol zelaiko obrak amaituko dira (15.000) Billabona K.E. futbol taldearekin hitzartutakoa betez.
Kultura arloan, kontu sail bat jaso da Gurea zine aretoko eserlekuak berritzeko (54.000€) eta liburutegiko zerbitzuak berritzeko (2.000€), "irekita ez dagoen ordutegian liburuak itzuli ahal izateko sistema berri bat ipiniz". Era berean, herriko kultur taldeekin hitzarmenak sinatzen lagunduko duten kopuruak ere jaso dira. Udal gobernuak oharrean adierazi duenez, "euskarari dagokionean, udalak helduen euskalduntzea eta euskararen aldeko kontzientziazioa (Korrika, etab.) sustatzen jarraituko du 2016koa baino %3 goragokoa den aurrekontua doituz". Ohartarazi dutenez, Villabonako Katea Gaztelekuak ere hobekuntzak jasango ditu.
Kirol arlorako (hitzarmenak klub desberdinekin, inbertsioak, etab.) zenbatekoek, aurreko urtean hasitako akordioaren bidetik, %17ko gorakada izango dute. "Kirol mailan aipagarria da era berean 30.000 euroko kontu-saila BTT zirkuitu bat abian jartzeko eta Olaederra kiroldegian aldagela berezi bat egokitzea behar bereziak dituzten pertsonentzat (bai fisikoak nola intelektualak) trabak kentzearen nahiz erabateko gizarte inklusioaren aldeko apustu garbi baten bidetik"