Herria «txukun» mantentzeko

Jon Miranda Labaien 2017ko ots. 1a, 08:02

Amasa-Villabonako Udalak 2017an inbertsioetarako kopuru «mugatua» izango du eta azpiegituren mantenurako baliatuko du diru hori udal gobernuak.

Amasa-Villabonako Udalak 6,3 milioi euroko aurrekontua izango du 2017an. Astelehenean ospatutako ohiko osoko bilkuran eztabaidatu zuten udal gobernuaren proposamena eta EAJ eta PSE-EEko udal taldeen babesarekin onartu zen. EH Bilduk kontra bozkatu eta osoko zuzenketa aurkeztu zuen.

Maria Luisa Arija zinegotzi sozialistak bere aldeko botoa argudiatzeko orduan adierazi zuenez, «ez zait aurrekontu paregabea iruditzen, baina aitortzen dut herriko ondasunak mantentzea beharrezkoa dela. Horregatik ematen diot aldeko botoa». Udal gobernuaren izenean Ibon Ariznabarreta alkateordeak hitz egin zuen: «Iaz inbertsioetarako dirurik ez zegoen eta 2017an ere ia dena mantenua izango da. Zortzi urtetan EH Bildurengana zuzenduz zuek utzitakoa konpontzea da gure herri proiektua. Guk argi dugu lehenengo Villabona txukundu behar dugula. Apurtua edo apurtzeko zorian dagoena konponduko dugu, beharrezko ikusten diren lanak bultzatuko ditugu, eta ondoren hasiko gara gauza berriak egiten».

Horri EH Bilduren udal taldeak «herri proiekturik ez izatea» deitu dio. Xabat Laborde koalizioko zinegotziaren esanetan, «ez da antzematen ez gai estrategikorik, ez proiektu esanguratsurik, ez eta etorkizunerako egitasmo aipagarririk ere, dagoeneko mahai gainean dagoena nolabait kudeatzen jarraitzeko aurrekontua da hau, inolako etorkizuneko ikuspegi estrategikorik gabea». Horregatik eta «herritarren parte hartzerik gabeko» aurrekontua denez, aurreko astean egindako herri batzarrean onartu bezala osoko zuzenketa aurkeztu dio EH Bilduk proiektuari.

«42 egun pasa ondoren, EH Bilduren aldetik jaso dugun erantzun bakarra hori da: dena gaizki dagoela esatea. Dena gaizki esan bai, baina proposamen argirik egin ez», esan zuen asteleheneko osoko bilkuran, haserre, EAJren ordezkari Ariznabarretak.

Udaleko batzordeetan herriko ordezkariei zer egin nahi den azaldu ondoren, abenduaren 15ean aurrekontu proposamena osorik jakinarazi zion udal gobernuak oposizioari, lehentasunak markatuz. «Herritar eta elkarteen eskaera asko iristen dira urte guztian zehar eta aurrekontu proposamena egiteko garaian kontuan hartuak izan dira». EH Bilduren udal taldearen proposamenen zain sei aste eman dituztela esan du Ariznabarretak, «ez diguzue esan ez nondik kendu, ez non jarri, ez zenbat jarri». Horregatik, jeltzaleak, partidaz partida, zerekin ados dauden eta zerekin ez esateko eskatu dio oposizioko alderdi nagusiari.

PROIEKTU FALTA

Laborderen esanetan, udal gobernuak ez du aurrekontua negoziatzeko borondaterik. «Iaz, horretarako denbora hartu eta partida bakoitzari emendakin partzialak aurkeztu genizkien. Zuek atzera bota zenituzten guztiak, sistematikoki». Halaber, koalizio abertzaleak salatu du, aurreikusten diren inbertsio nagusiek ez dutela obra proiekturik atzean. «Guk lan hauek egitea begi onez ikus dezakegu, baina ezin dugu txeke zuririk eman zer lan egin nahi diren aztertzeko aukerarik eduki gabe. Nola aurreikusi daiteke diru kopuru bat, arkitekto talde kualifikatu batek obra hauek egiteko osatutako proiekturik esku artean izan gabe?», galdetu du Labordek.

Ariznabarretak onartu zuen frontoietako eta kiroldegiko inbertsioen kasuan proiekturik ez dagoela. Batzordean adierazi zuen udal gobernuak egin asmo zuena eta hirigintzako teknikariek egin zituzten aurreproiektuak, beren diru estimazioarekin. «Zer nahi duzue milaka euro gastatzea proiektuak egiten, oposizioa alde dagoen jakin gabe? Herritarren milaka euro xahutu ondoren, proiektuak kaxoi batean utziko ditugu oposizioa ados ez badago?».

LARREAKO PARKE ESTALIA

Amasa-Villabonako EH Bilduko udal taldeak lehentasunezkoa izan behar duela uste du eta «borondatea izanez gero», 2017an proiektu hau gauzatu litekeela. «Eskaera historikoa delako, herritarrek behin eta berriz adierazitako beharra delako, proiektu irabazlea erabakitzeko prozesu parte hartzaile aitzindaria burutu zelako eta herritarren bozka zuzenaren bidez erabaki zelako» uste du EH Bilduk estali behar dela Larreako parkea.

Aurrekontu proiektuak dituen hutsune gehiago ere azpimarratu zituen koalizio abertzaleak. Esate baterako, iaz sortu zen Bizikidetza eta Memoria batzordean egindako lana positiboki baloratu arren, «ulertezina» egiten zaio EH Bilduri batzorde honi begirako partida bat bera ez aurkitzea. «Udalak ez al du 2017an batzorde honetatik abiatutako inolako iniziatibarik aurreikusten?». EAJren udal gobernuak erantzun du esanaz, ez dutela inoren proposamen zehatzik jaso eta hori dela partidarik ez agertzearen arrazoia. «Ez dugu uste horrelako gai batean inork arazorik izango duenik, behar denean, eta guztien artean erabakitzen den zerbaiterako kreditu aldaketa bat egiteko».

Pasa den urtean bezala, aurten ere Udalbiltza eta Gaindegia erakundeek jasotzen zituzten diru-laguntzak ez dira kontuan hartu. EH Bilduko kideentzat neurri hauek «erabat ulertezinak» dira, Euskal Herriaren nazio eraikuntzan ekarpena egiten duten erakundeak direlako.

ALKATEAREN SOLDATA

Koalizio abertzalek ez du zalantzan jartzen Amasa-Villabonako alkateak dedikazio osoa eta soldata duin bat izan behar duela. Proposamen zehatza ere egin du EH Bilduren udal taldeak; «gure ustez, gure herriaren tamaina kontuan izanik, alkatearen soldata urteko 30.000 eta 40.000 euroren artean kokatu behar litzateke, kopuru horien artean dagoen soldata bat nahikoa duina dela pentsatzen baitugu».

Horregatik, Labordek «erabat onartezintzat» jo du egungo alkatearen soldata. «Maite Izagirrek inolako arrazoirik eman gabe Iban Agirreren soldata %35ean igotzea erabaki zuen eta guztira 52.519 euroko soldata kobratu». Alkatearen soldata jaistea da EAJren ustez EH Bilduk egin duen proposamen zehatz bakarra, «osoko zuzenketa arretaz irakurri dugu, hiru orrialde, 1.100 hitz eta iritzi politiko ugari, baina testu guztian ez dago proposamen bakar bat bera ere. Kexa, proiektu eza eta 250.000 euroko parke estalia proiektuan ez dagoela jasota, hori bakarrik».

INBERTSIO NAGUSIAK 2017AN

PROIEKTUA DIRU KOPURUA

Frontoiak berritu 150.000

Zineko butakak 54.000

Kiroldegiko aldagelak 50.000

Arroako haur eskolan fatxada konpondu + estalpea 29.700

Arratzain futbol zelaiko obra 15.000

Brigadarentzat furgoneta berria (5 urtez, leasing) 10.500

Fleming eskolako lanak 14.500

Liburutegirako eserlekuak 5.000

Jubilatuen egoitzako eserlekuak 4.000

Arotz ikastaroan hautsa jasotzeko makina 2.500

Liburutegiko maileguak bueltatzeko kaxa 2.000


6,3 MILIOI EUROKO AURREKONTUA


Iazko ia aurrekontu berdina izango du Amasa-Villabona Udalak. Ondasun korronteen eta zerbitzuen gastuak hartuko dute zatirik handiena. Gainerakoan, 250.000 euro inguru inbertsioetara bideratuko dutela jakinarazi dute udal gobernuko ideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!