Gaikako bilketaren portzentaia %80ra iritsi dela jakinarazi du udal gobernuak

Ataria 2017ko urt. 23a, 11:12

Urrian portzentajea %82raino iritsi zen, azaroan %80,75koa izan zen eta abenduan %78,02koa. Tolosaldeko Mankomunitateak Amasa-Villabonako Udalari bidalitako datu ofizialek "edukiontzien sistemaren aldeko apustua ziurtatzen dute", udal gobernuaren ustez.

Hiri hondakin solidoen gaikako bilketaren inguruko emaitzak "bikaintzat" jo dituzte, atez ateko eredua ordezkatu duen edukiontzien sistema berria jarri ondoren. Aurreko urteetako laginketa prozedura berdina erabiliz jaso dira datuak eta Amasa-Villabonako udal gobernuaren ustez, "goitik gainditzen dituzte atez ateko sistemak lortutako gehieneko datuak (%75) eta goitik betetzen dute mankomunitateak berak datozen urteetan %70eko portzentajea lortzeko finkatutako helburua". 

Udal gobernu taldeak oso balorazio ona egiten du eta Maite Izagirre alkatearen esanetan, "datuek izugarrizko bultzada ematen diote legealdi honetan abian jarritako sistema berriari eta akordio eta adostasunaren bideari: sistema ezarri eta berehala, egoera berrira egokitzeak ekartzen dituen arazo logikoekin ere, %82ra iritsi izanak edukiontzien sistema eredu atsegina, erosoa eta birziklatzearen aldekoa dela erakusten du".

Sistema berria ezarri eta hilabete eskasera, urrian, gaikako bilketaren portzentajea %82raino iritsi zen. Azaroko hurrengo analisian %80ko muga gainditu zuen eta urtearen azken hilabetean, %78,02koa izan zen, "Gabonak direla eta hilabete konplikatua izaten den horretan".

Izagirreren iritziz, "lortu diren portzentajeek herriaren borondateak adierazten duena arretaz zaindu behar dela erakusten dute eta gurea bezalako herri txiki batean, desberdintasun politikoen gainetik era bateko lehentasuna eman behar zaiela herritarren interesei".

Udal gobernu taldeak portzentaia horiek "sendotzeko" ahaleginak egiten jarraituko duela jakinarazi du eta birziklatzea sustatzeko ildo honetatik herritar guztiei gogorarazi die udaletxeko behealdean (liburutegiko sarreran) materia organikoa jasotzen duen edukiontzi marroraiko poltsa biodegradagarriak doan ematen dituen makina dagoela.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!