Pebeten final handia iritsi da

Ataria 2017ko urt. 6a, 11:50

Larunbatean, 17:30ean, gazteen eta nagusien mailako bi finalak jokatuko dira Villabonako Bearzana pilotalekuan.

Larunbat honetan jokatuko dira V. Antton Pebeten Oroimenezko Pilota Txapelketako finalak Villabonako Bearzana pilotalekuan. 17:30ean hasita bi partida izango dira. Lehenengoan, gazteen mailakoan, Matak eta Cordonek Alberdi eta Eskiroz izango dituzte aurkari. Lehenengo bikotea final aurrekoetan murgildu zen txapelketan; Riol–Aranguren bikotea ordezkatu zuten eta baita ederki egin ere. Matak partida ikusgarria jokatu zuen eta Ansok eta Aizpuruk osatutako bikotea hartu zuten mendean 22 eta 14ko emaitzarekin.
Aurkariak, Alberdi eta Eskiroz, bi partida eder jokatuta iritsi dira finalera.Lehenengoan Elola eta Gaskue erraz hartu zituzten mendean, eta bigarrenean, Zubizarreta eta Mariezkurrena bikote indartsuari nagusitu zitzaizkien partida borobila jokatuta.

Hasiera batetan, Alberdi eta Eskiroz izango dira faborito, baina Matak lehengo eguneko jokoa erakusten badu, eta Cordonek laguntzen badio, kontuan hartu beharreko bikotea izango da. Dena den, partida zaila izango dute. Eskiroz baita bere adineko atzelari onenetarikoa eta Alberdi berriz, pilotari seguru eta saiatua.
Nagusien mailak ez du indar eta emozio faltarik izango. Urretabizkaiak eta Santxezek, Santxo eta Arratibelek osatutako bikotea izango dute aurkari. Lehenengoek, Espinal eta Gorrotxategi izan zituzten aurkari final-laurdenetan. Bigarrenean berriz, Prado eta Etchegoin izan zituzten aurkari. Bi partidetan kolpe handia dutela eta pilota gutxi galtzen dutela erakutsi zuten biek ere, eta bikote gogorra osatuko dute finalari begira.


Santxok final-laurdenetan Garmendia izan zuen lagun eta Larrañaga eta Lizeagak osatutako bikoteari nagusitu zitzaion partida estua jokatuta. Finalerdietan, Arratibelek ordezkatu zuen Garmendia, eta Arrietak eta Aizpitartek osatutako bikote hernaniarra hartu zuten mendean. Final parekatua espero da bai indarrez, eta bai jokoz.


Urretabizkaiak lehen mailako kolpea du, inork pilotalekuan hutsunerik sortzen badu, hori bera da. Errematerako ausardia azaltzen badu, partida bereganatzeko aukera asko izango ditu. Santxezek momentu oso onean dagoela erakutsi du, eta bikote gogorra osatuko dute. Aurrean duten bikotea ordea, ez da nolanahikoa; Santxok pasa den urtean erakutsi duen mailari Arratibelek bere jokoarekin laguntzen badio, partida aurrera ateratzeko aukera handiak izango dituzte.


Honenbestez, abenduaren 9an hasi zen oroimenezkoari amaiera emango zaio. Goi mailako partidak ikusteko aukera izan da Villabonan Behar Zana pilota elkartearen eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!