Pebet, partida ikusgarriak datoz

Ataria 2016ko abe. 16a, 15:49

Antton Pebeten Oroimenezko Txapelketaren lehen jardunaldiko partidak arrakastatsuak eta bikainak izan ziren, Villabonan.

Ostiralean, pilotalekua ia bete egin zen. Gazte mailan, Riol portugaldarrak eta Aginako Arangurenek 22-14 irabazi zieten Goizuetako Salaberria eta Ruiz errioxarrari. Arangurenek pilotakada biziagoak jo zituen eta gutxiago galdu zuen Ruizek baino. Salaberriak berriz, gauza politak erakutsi zituen arren, Riol baino gutxiago izan zen aurrean.


Nagusien mailan berriz, Ikaztegietako Urretabizkaiak eta Astigarragako Santxezek ezustekoa eman zuten Espinal Huartearrari eta Gorrotxategi hernaniarrari 22-15 irabazita. Urretabizkaiak pilota astindu zuen eta Santxezek partida borobila egin. Aurkariek ezin izan zuten askoz gehiagorik egin.


Larunbatean izugarrizko bi partida ikusi ahal izan ziren Villabonako Bearzana pilotalekuan. Gazteen mailan  Anso nafarrak eta Asteasuko Aizpuruk 22-19 irabazi zieten Iruñeko Etxeberria eta Apezetxea goizuetarrari. Etxeberria izan zen lauretan onena nahiz eta galdu. Bere bizkar hartu zuen bikotearen zama eta partida handia egin zuen bai defentsan baita erasoan ere. Irabazleek majo sufrituta irabazi zuten. Apezetxeak, besteek baino hiru urte gutxiago izan arren, maila ederra eman zuen. Hala ere agian, handi geratu zitzaion larunbateko partida.


Nagusien mailan berriz Prado Najerako aurrelari ezkerrak eta Etxegoin lapurtarrak 22-19 irabazi zuten Elorrioko Azpiri eta Murgiondo azpeitiarraren aurka. Izugarrizko partida izan zen. Batzuek jo besteek sufritu. Etxegoinek izugarrizko pilotakadak jo zituen, abiada biziz ateratzen dira pilotak bere eskutik eta Pradok tantoa ederki bukatu eta pilota ongi mugitu zuen.


Final-laurdenetako bigarren jardunaldia gaur jokatuko da, 19:00etan. Gazteen mailan partida bikaina espero da. Batetik, Zubizarreta ataundarrak eta Mariezkurrena iruñearrak Astigarragako Exposito eta Zezeagaren aurka jokatuko dute. Zezeaga, profesional ohiaren semea dugu. Bi aurrelariak ikusteko gogoa dago. Bikainak biak. Atzean ere lehia polita espero da. Nagusi mailan, Larrañaga gasteiztarrak eta Lizeaga (Kastilloren ordez dator, Bizkaiko finala du Kastillok) hernaniarrak lan handia egin beharko dute urte oso ona daraman Santxo usurbildarra eta egun den gipuzkoar atzelari onenetakoa den Garmendiaren aurka irabazteko. Hau ere partida handia izango da.


Larunbatean berriz, hau ere 19:00etan, Elola bidaniarrak eta Gaskue nafarrak Alberdi azpeitiarra eta Eskiroz nafarra izango dituzte aurkari. Partida handia espero da hemen ere. Elolak izugarri hobetu du, Gaskuek lana ematen du joaten den toki orotan eta Alberdi pilotari oso konpletoa da eta Eskiroz maila bikainean dago. Diario Vasco torneo famatuan ere finalerako sailkatu berri da​.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!