Erakutsiz ikasi

Prentsa ikasgaitik, praktikan jartzera

Ataria 2016ko abenduaren 15a

Amasa-Villabonako Erniobea institutuko ikasleen bisita jaso du 'Tolosaldeko Ataria'-k; prentsa ikasgaia lantzen du astean bi orduz zortzikoteak, eta kazetarion lana ezagutu dute bertatik bertara.

Unai, Ruben, Markel, Olaia, Olatz, Oier, Eneko eta Asier. Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo ikasleak, Amasa-Villabonako Erniobea Institutuan ikasten dute. Hamahiru urteren bueltan dabiltzan zortzikoteak Prentsa ikasgaia aukeratua du ikasturte honetarako. Hori dela eta, astean bi orduz ikasten duten hori praktikan jarri ahal izan zuten, eta kazetariok nola lan egiten dugun ere ikusi zuten. 

«Dibertigarria eta irteera asko egiten direlako» aukeratua dute gaia, gehienek. Eta «inork ez luke kazetari izan nahiko», ATARIA irratian esandakoen arabera. Urduritasunik handienak, ordea, irratiko estudioan sartzean piztu zitzaizkien. Mikrofono aurrean zuzenean jartzean. TOLOSALDEKO ATARIA-ra egindako bisita «interesgarritzat» jo zuten ikasleek. Albiste eta guzti etorri ziren gurera.

ERNIOBEAKO AZOKA, HILAREN 23AN

08:30ean elkartzen dira guztiak lehenik eta behin, eta bakoitzak etxetik eraman beharreko materiala eramaten du postuan jartzeko: era guztietako barazkiak edo fruituak, prestatutako jakiren bat edota baita animaliak ere. Behin guztia txukunduta, 09:00etan, azokari hasiera emango diote. Saltzeko jartzen dituzte produktuak, eta «merke» gainera, nabarmendu zuten. Musika lagun izango dute giroa alaitzeko, eta jatekoa eskainiko duten postuak ere izango dira dirua lortzeko. Postu onenari saria emango diote. Batzuk ikas bidaiarako baliatuko dute dirua, besteek irteeretarako, eta guztien irabazien %20a, gobernuz kanpoko erakunderen batera bideratuko dute.

Artzain-andrez jantzita joateko deia egin dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!