Gorputzak dituen mugak, dantzaren bitartez arakatuz

Jon Miranda 2016ko aza. 16a, 11:22

Oinkarik antolatutako dantza astearen barruan 'Lotuneak' tailerra eskaini zuen astelehenean Martxel Rodriguez Kukai konpainiako kideak.

Txotxongilo edo panpina hauskorra dirudite dantzariek. Motzak, azkarrak eta disoziatuak dira mugimenduak. Dantzaria puskatuko denaren sentsazioa izaten du ikusleak, zenbait garaitan. Ukitu robotikoa du Martxel Rodriguezek, astelehenean, Villabonan erakutsi zuen dantza lengoaiak.

Duela urtebete hasi zen Martxel Rodriguez (Lesaka, 1990) Kukai dantza taldean. Dantzaz konpainian hasi zen profesional gisa eta Danimarkako hiri txiki bateko konpainian urtebetez ibili ondoren, Jon Mayak hots egin zion Oskara ikuskizunean parte hartzeko. 2015ean hasi ziren produkzio berria prestatzen Marcos Morau koreografo valentziarrarekin eta 2016ko urtarrilean estreinatu zuten Donostian. «Interesgarria da Kukairen lan egiteko modua, kanpoko koreografoak gonbidatu eta haien lengoaia gurearekin nahasteko ahalegina egiten baitu», esan du Rodriguezek.

Bost dantzarik hartzen dute parte Oskara ikuskizunean eta prestaketa lanetan eman zituzten hiru hilabeteak «intentsoak» izan zirela aitortzen du Rodriguezek. «Sei ordu ematen genituen koreografoarekin. Bere teknika oso espezifikoa da, karakteristikoa. Dantzariak saiatu behar du kontziente izaten momenturo espazioko zein tokitan dagoen artikulazio bakoitza eta gainontzeko gorputz atalekin zein harreman duen. Oso teknika mentala da. Posizio bakoitzak ematen dituen aukerak aztertu behar dituzu, hurrengo mugimendua zeure buruari proposatzeko. Jolas baten gisakoa da. Norbere burua arriskuan jarri eta gero, egoera horri irtenbidea ematen saiatu behar duzu».

Buruko lan horrekin batera, flexibilitatea muturreraino eraman behar izaten du dantzariak dantza lenguaia horretan. Rodriguezen esanetan, «euskal dantzara ohituta dagoenari kosta egiten zaio ulertzea, gorputzean badaudela hankak baino zati gehiago mugitzeko».

Kukai dantza konpainiak Lotuneak ikuskizuna eskaintzen duen herrietan, aurrez, tailerra eskaintzen du Rodriguezek: «Oso ondo atera izan da beti. Saio honek balio du norbere burua mugimendu berrietara zabaltzeko eta gorputzarekin esperimentatzeko». Astelehenean, Moraurekin ikasitako teknikaren ildo nagusiak azaldu zizkien 13 eta 17 urteko gaztetxoei, Oinkarik antolatutako dantza astearen barruan. Hamar gazte inguru gerturatu ziren ikastolako ganbarara.

Dantza lengoaia ulertu ahal izateko, «arau» batzuk eman zituen Rodriguezek eta Moraurekin ikuskizuna osatzeko egindako lanketaren ildo nagusiak azaldu zizkien: «Behin mugimendu horiek ulertuta, guri eszena batzuk proposatu zizkigun eta inprobisazioan oinarrituta, horiek moldatzen joan ginen koreografia osatu arte. Ikuskizunean ez da ezer inprobisatua baino aldi berean koreografia inprobisaziotik ateratakoa da».

Rodriguezen esanetan eszenografia eta dramaturgia oso markatua ditu Oskara produkzioak. «Piezak bere osotasunean badu zentzua. Testuak, dantzak, efektuek, musikak, arropak... guztiak garrantzi bera du». Oskararen zati bat ikusi ahal izango da Lotuneak ikuskizunean, ostiralean.

DANTZA FAMILIAN

Atzo, Eneko Gilek Dantza familian tailerra eskaini zuen Villabonan, dantza astearen barruan. «Jolas eta dinamikak proposatu ditut, haurrek gurasoekin egin ditzaten. Ea modu horretara dantzara animatzen diren», dio Gilek.

Bihar Dantzarako nola jantzi tailerra eskainiko du Lurdes Esnaolak eta etzi Lotuneak ikusi ahal izango da Gurea zinema aretoan. Dantza astea amaitzeko, Bearzana frontoian erromeria egingo dute larunbatean. Oinkarirekin ibiltzen diren musikariek osatutako Swarovska taldekoek jarriko dute musika eta irakasleek erakutsiko dute dantza.

`LOTUNEAK' ESKAINIKO DU KUKAIK, ETZI

Ostiralean, Villabonako Gurea aretoan ikusgai izango den Lotuneak ikuskizunean, Kukai dantza konpainian azken urteetan landu dituzten pieza esanguratsuenetakoen pasarteak aurkeztuko dituzte.

Jon Maya konpainiako zuzendariaren esanetan, «gure hastapenetako koreografia pare bat ikusiko dugu eta haiekin kontrastean, azken urteetan asko indartzen ari garen lan ildoa, nazioarteko koreografoekin lankidetza».

2009an hasi zuen Kukai dantza taldeak lan ildo hau, Pantxika Telleria lapurtarrarekin Soka ikuskizunean. «Guk lantzen genuen material horri beste begi batzuetatik begiratuz gero zer gerta zitekeen ikusi nahi genuen eta aldi berean, gure lana beste testuinguru berrietara eraman. Beste esparru horietan jarduten duten pertsonekin lankidetzan aritu nahi genuen». Norabide horri jarraituz osatu dituzte azken ikuskizunak: 2015ean Gelajauziak Cesc Gelabert koreografo katalanarekin eta aurten, Oskara Marcos Morau valentziarrarekin.

«Gelabert dantza garaikide unibertsalaren izen handietako bat da, oso pertsona erreferentziala. Gainera, kultura tradizionalarekiko sentsibilitate handia du. Maisu handi bat da, metodikoa eta lan eskema zorrotzekoa. Zoragarria izan zen harekin lan egitea. Morau berriz, beste belaunaldi batekoa da eta lan egiteko beste modu bat isaltzen du. Oso ondo egokitzen zen gure egiteko modura, estetikoa da eta teknika jakin bat darabil. Luxu bat izan da berekin lanean aritzea», dio Mayak.

Moraurekin batera osatutakoOskara ikuskizuna Euskal Herrian eta nazioartean eskaintzen jarraitzen du Kukai konpainiak. Beraz, bertako pasarteak, Gelajauziak produkziokoak eta taldeak urte hauetan osatu dituen beste hainbat sorkuntzetako piezekin osatuko dute Lotuneak.

«Dantza arnasten duen herria da Villabona eta beti da plazera giro hori duen herri batean emanaldia eskaintzea», Kukaiko zuzendariaren ustetan. Herriko Oinkari dantza taldean dabiltzan bi dantzari ere igoko dira taula gainera ostiralean eta beren ekarpena egingo dute. Gurea aretoan izango da, ostiralean, 22:30ean hasita.

OINKARIREN DANTZA ASTEA

AZAROAK 17, OSTEGUNA

19:00 - 20:15. Dantzarako nola jantzi ikastaroa eskainiko du Lurdes Esnaolak. Dantzari eta gurasoei zuzendutako tailer praktikoa izango da. Alpargatak, gona, alkandora, moñoa, txapela, zapia, gerria... nola jantzi erakutsiko da. Parte hartzea doakoa da eta izen emateak, aurrez harremanak@oinkari.eus helbidean.

AZAROAK 18, OSTIRALA

22:30. Kukai dantza konpainiak Lotuneak ikuskizuna eskainiko du Gurea zinema aretoan. Sarrera: 10 euro.

AZAROAK 19, LARUNBATA

17:30 - 18:45. Bearzana pilotalekuan, Swarovska taldearekin erromeria, Oinkariko dantza irakasleek zuzenduta. Amaitzean txokolate beroa banatuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!