Mirotz zuri bat tiroz jota agertu dela salatu du Eguzkik

Ataria 2016ko azaroaren 14a

Mirotz zuri baten irudia. Argazkia: Ramon Aranbarri

Talde ekologistak Gipuzkoako Fiskaltzan salatu du babestutako Circus Cyaneus espezieko ale bat agertu dela, orain gutxi, Villabonan

Gipuzkoan mirotz zuria ikustea oso arraroa da. Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan "interes bereziko" gisa dago sailkatua. Kategoria horretan sailkatzen dituzte, "balio zientifiko, ekologiko edo kulturalagatik edo berezitasunagatik arreta berezia merezi duten espezieak".

Eguzki talde ekologistaren ustez, Villabonan bota dute mirotz zuria, "ez da, ezta hurrik eman ere, ehiza-aldia hasi zenetik legez babestuta egon arren, bota duten hegazti bakarra". Dagoeneko zazpi kasu salatu dituzte eta kasu hauek "izozmendiaren tontorra baino ez dira", Eguzkiren esanetan. "Guk kasu hauen berri izan dugunerako, beste hamaika isilean geratu dira". Villabonako mirotz zuriarekin batera, bi belatz handi bota dituzte Donostian eta Jaizkibelen, zapelatz bat Beizaman, lertxun hauskara bat Urretxun, belatz gorri bat Zegaman eta gabirai bat Zumarragan.

Ehiza-aldi berria hasi zenetik, Eguzkik egin dituen salaketak dira horiek. Kaleratu duen oharrean, bestalde, 2011n Zumarragan gertatutakoa gogoratu du: "Alemaniatik eraztun jarri berria zekarren arrano arrantzalea bota zuten Pagotxetako ehiza-lerroan".

Mirotz zuria bota izana Gipuzkoako Fiskaltzan salatzeaz gainera, Foru Aldundiaren ehiza politikak legez babestutako hegaztiak botatzeko "aukera handiak" ematen dituela berretsi du talde ekologistak. "Horrelakoetan tiro egiten dutenek, oso gutxitan identifikatzen dituzte hegaztiak. Ezta 'ehiztari onez' inguratuta daudenean ere". Horregatik, oinarrizko neurriak hartzeko eskatzen diote Foru Aldundiari. Gaur egun, horrelakoak gertatzen direnean, "ez die ehiza-lerroak kudeatzen dituzten elkarteei ardurarik eskatzen, ezta ehiza egiteko ordua atzeratzen ere. Zenbat eta argi gehiago, gero eta aukera gutxiago baitago legez ehizatu daitekeen espezie bat babestutako beste batekin nahasteko".

Foru Aldundiak ez ditu neurri horiek hartzen, Eguzkiren ustez, "ehiztarien artean klientelismoa sustatzeak bioaniztasuna babesteak baino gehiago axola diolako". Taldeak publiko egin duen oharrean gogoratu du babestutako espezie bat botatzea delitua izan daitekeela, "jende askok ez badaki ere, kartzelarekin zigortzeko moduko delitua da".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!