Kupoiak, saltokiei bultzada emateko

Jon Miranda 2016ko aza. 11a, 08:04

Villabonako Oria merkatari elkarteak 'Villabonan, bertatik bertara' kanpaina jarri du abian eta deskontuak eskainiko ditu.

Villabonako saltokiak sustatzeko eta herritarrak bertan erostera bultzatzeko. Bertako ekonomiari arnasa emateko eta herritarrei abantailak eskaintzeko. Oria merkatari elkarteak deskontu kupoiak kaleratu ditu azaroan elkarteko dendetan erosketak egiten dituzten herritarrek beherapenak izan ditzaten.

Oria merkatari elkartearen helburua da bertakoek eta inguruko herrietako biztanleek erosketak Villabonan egitea. Horretarako hainbat eskaintza eta fidelizazio kanpaina egiten dituzte saltokiek urte osoan zehar. Aitziber Cenzano elkarteko lehendakariak aipatu ditu horietako batzuk: «Herriko festetan parte hartzen dugu, udaberrian Parisera bidaia bat zozkatzen dugu eta eguberrietan kanpaina berezia antolatzen da. Iaz, esate baterako, Errebote plazan izotz pista jarri genuen».

Saltokiek krisiaren eragina nabaritu dutela aipatu du Cenzanok. «Mugimendu gutxi dabil komertzioetan eta horren arrazoia ez da bakarrik krisia: aparkaleku falta dago herrian eta orain gutxi arte itxita egon da Zizurkilekin lotzen gintuen zubia. Villabonako herrigunea isolatuta geratu da ia urtebetez». Izan ere, Oria merkatari elkarteko kideek jakin badakite, euren bezeroak ez direla billabonatarrak bakarrik. Asteasu, Aduna, Larraul eta Zizurkilgo herritarrak gerturatzen dira herrira erosketak egitera.

Azaroan zehar, kupoiak

Otsaila eta azaroa izaten dira, oro har, salmentarako hilabeterik zailenak merkatarientzat. «Saltoki bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina hilabete honetan nabari da beherakada», aipatu du Cenzanok. Horregatik eta bezeroen fidelizazioa bilatu nahian, deskontu kupoiak banatuko dituzte bezeroen artean.

«Aurretik, 2013an, egin genuen aproba kupoiekin eta arazo batzuk tarteko ez zen ekimena guk nahi bezala atera. Orain, gorabehera horiek konponduta, iruditzen zaigu eskaintza behar bezala iritsiko dela gure bezeroengana. Guk merkatariok egin behar dugu ahaleginik handiena aukera hori badagoela ezagutarazteko». Merkatari elkartean biltzen diren 44 saltokietatik gehienek hartu dute parte kanpainan. Villabonan, bertatik bertara izena jarri diote.

Kirol oinetako eta arropetan, lentzerian, betaurrekoetan, ordularietan, landareetan, eskolako materialetan, etxerako ehunetan, jostailuetan, elikagaietan, plater aurre-sukaldatuetan eta produktu naturaletan egingo dituzte eskaintzak, besteak beste. Saltoki gehienek deskontua %5etik %50era bitartekoa eskaini dute kupoiekin, baina badira, erosketa jakin bat eginez gero, oparitan beste produkturen bat eskaintzen duten komertzioak. «Bakoitzak ahal duen neurrian bere ekarpena egin du», esan du Cenzanok, «denoi ez doakigu berdin, batzuk etekin handiagoa ateratzen dute besteek baino». Merkatari bakoitzak kupoian bertan zehaztu du zein produkturen gainean aplikatu daitekeen deskontua.

2.700 ale inguru

Villabonan, bertatik bertara kanpainako kupoiak etxez etxe banatu dituzte Villabonan. 2.700 ale inguru banatu ditu Oria merkatari elkarteak. «Inguruko herrietako bizilagunek kupoiak eskuratu nahi badituzte, TOLOSALDEKO ATARIAren webgunetik, www.ataria.eus helbidetik, deskargatu ditzake». Dagoeneko hasi dira inguruko herrietako bezeroak gerturatzen eta kupoia erabiltzen.

Deskontuak eskuratzeko aski da denda bakoitzari dagokion kupoia saltokian bertan aurkeztearekin. Azaro osoan iraungo du kanpainak eta Oria merkatari elkartetik bezeroak animatu nahi dituzte eskaintza bereziak aprobetxatzeko. «Gure helburua Villabonan merkataritza sustatzea da, kalean giroa sortzea eta bezeroak fidelizatzea», aipatu dute Oria merkatari elkartetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!