Gazteak protagonista San Martin bezperan

Ataria 2016ko azaroaren 10a

Atzo iluntzean jaitsi zuten Martina sorgina elizako kanpandorretik eta Amasako plaza zainduko du egunotan; gaur adi-adi egon zaie herriko gazteei, puska biltzen eta dantzan ari baitira euren eguna ospatzen.

Atzo, txupinazoa bota aurretik nesken pala txapelketako finala jokatu zen. Leire Rojas eta Ane Maiza geratu ziren txapeldun eta Nekane Aizpun eta Olatz Ugartemendia txapeldunorde. Partidaren aurretik, Iñaki Etxabe amasarra tarteko zela pilota erakustaldia egin zuten herriko frontoian.

Ondoren bota zuten festen hasiera iragartzeko txupina. Martina sorgina jaitsi eta intxorra aldatuta, Jeronimo dultzainero taldeko kideek alaitu zuten giroa, buruhandiak bertan zirela.

Gaur, berriz, gazteek euren eguna dute. Goizeko seietan, bi taldeetan banatuta abiatu dira puska biltzera baserriz baserri. Eguerdian, Uxo-Tokin elkartuko dira bazkaltzeko eta arratsaldean egingo dituzte soka dantza eta aurreskua plazan. Gauean, Iturri-goxo jatetxean afalduko dute.

Bihar San Martin eguna da eta era berezian ospatuko dute Amasan. Igandera arte luzatuko dira jaiak. Egitarau osoa ikusgai duzue hemen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!