Memoriaren eguna dela eta adierazpena adostu dute

Ataria 2016ko azaroaren 4a

Azaroaren 10a, Memoriaren Eguna da eta Amasa-Villabonako EAJ, EH Bildu eta PSEk egun horren harira, adierazpena adostu dute:

"Amasa-Villabonako udaleko ordezkariok, jakitun gara urteetan bizi izandako indarkeriak herritarren bizikidetzan eragindako kaltea oso handia izan dela eta samin edo sufrimendu ugari eragin duela. Herritarren artean urruntasuna, bazterkeria, ezinikusia, beldurra, isiltasuna eta bestelako sufrimenduak eragin dira. Jakin badakigu zauri sakon asko dagoela oraindik orbaindu gabe eta, ziurrenik denbora eta lanketa handia beharko duela guztiak ondu arte.

Amasa-Villabonako Udalak, bide honetan bere alea jarri nahi du, jakinda ez dela erraza izango. Zentzu honetan, indarkeriak eragindako ondorioen inguruan lan egiteko Memoria eta Bizikidetza Batzorde berezi bat eratu dugu udal talde politiko ezberdinen ordezkaritzarekin. Hastapenetan bagaude ere, gure konpromiso irmoa adierazi nahi dugu hasi berri den prozesu honetan batera aritzeko. Asko dago oraindik lantzeko eta inork ez du esan erraza izango denik. Guk, ordea, horren aldeko apustua egiteak merezi duela uste dugu eta bakearen kultura sustatzeko eta Giza Eskubideen defentsan lanean jarraitzeko borondate osoa agertzen dugu.

Bukatzeko zera adierazi nahi dizuegu: Batzorde honetatik bat egiten dugu azaroak 10eko Memoria Egunarekin. Egun honetan indarkeriaren biktima guztiak gogoratuko ditugu eta amasar eta billabonatar guztiei Giza eskubideen eta bizikidetzaren alde lelopean, arratsaldeko 19:00tan Errebote plazan eta udaletxearen aurrean, burutuko dugun elkarretaratzera gonbidatu nahi zaituztegu. Bertan adierazpen bateratu bat irakurriko dugu udaleko alderdi politiko bakoitzeko ordezkari banak".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!