Zubimusuk, guztira, 42 metroko luzera du: 7,10 metro zabal izango ditu, eta horietatik 6,5 erabilgarri –bidegorriak 1,5 metro, ibilgailuentzat 3 metro eta oinezkoentzat 2 metro–.
Eusko Jaurlaritzako URA agentziak burutu ditu zubia berritzeko lanak eta zaharraren aldean, ura husteko ahalmen nabarmena izango du. Ur askoko sasoietan, Oriak jariatzen duen emari oparoak zubiaren aldamenean sortutako estutasunarekin egiten zuen talka, eta hortaz, ur-laminak artifizialki gorantza jotzen zuen, oso populatua den gune batean.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen ZUzendaritzak ondare gisa katalogatutako zubiaren berritze lanak erdiko baotik hasi ziren. Jatorrizko harrizko arkua egonkortu zen aurrena eta ondoren, ezker eta eskubiko bi baoetan taula berri bana jarri zen. Ondorioz, emari dezente oparoagoek zubipetik pasatzeko ez dute oztoporik aurkituko. Oriaren ur-goraldiekiko segurtasuna handiagoa izango da ur askoko sasoietan eta aldi berean, zubiaren jatorrizko egiturari bere horretan eutsiko diote.
Villabona eta Zizurkilen uholdeei aurre egiteko lanen fase hau burutzeko, era berean, Oria ibaiaren ibilgua zabaldu eta eskuineko ibaiertzean ura bideratzeko horma berria eraiki da eta Villabonako ur saneamendua ere hobetu da. Otsailaren 4an, URAk eraikitako kolektorea abian jarri zen, 4.000 biztanle baliokideen hondakin urak bildu eta Adunako araztegira bideratzeko. Gipuzkoako Urak kudeatzen du araztegia eta era horretan, ur zikinak Oria ibaira isurtzea saihesten da.
Amasa-Villabonako udalaren esanetan, "Euskadik ezinbestekoa du prebentzio-anetan irmo jarraitzea. Alegia, bermatu behar da erabilpen kaltebera berririk –etxebizitzak, oinarrizko azpiegiturak...–, ez kokatzea uholde-arrisku eremuetan; alegia, uholde natural eta errepikakorrak izaten dituzten lekuetan". Izan ere, erabilpen berriak uholde arrisku eremuetatik aldenduz gero hainbat gauza lortzen dira udal ordezkarien esanetan: "pertsonon segurtasuna handitzea, etorkizunean uholdeekiko defentsa lan berriak egin beharra saihestea eta era berean, ibaiak hainbeste ez eraldatzea, hainbeste ez artifizializatzea, bizitzaz beteriko ekosistemak sustatzeko".
Aldi berean, udalak azpimarratu du, "Villabonako 4.000 bizilagunen hondakin urak araztegira bideratu direla eta hondakinen-uren isurketa garrantzitsu bat kendu zaio gainetik Oria ibaiari. Hartara, ibaiaren kalitate fisiko-kimikoa, oro har, egoera ekologikoa hobetzeko".