«Ikerkuntzaren hutsunea beteko du 'Kazetari Kanaia' proiektuak»

Jon Miranda Labaien 2016ko urr. 26a, 10:12

Igor Meltxor (Ortuella, 1978) Kazetari Kanaia proiektuan dabil buru belarri. Euskal Herriko ikerkuntza kazetaritza landuko duen proiektuaren inguruan ariko da gaur Villabonako Gurea zinema aretoko erakusketa gelan, 19:30ean . Amasa-Villabonako EH Bilduk eta Pepe Rei kultur elkarteak gonbidatu dute.

Noiztik dago martxan 'Kazetari Kanaia' proiektua?

Duela urte batzuk nire izena zeraman blog batekin hasi nintzen, oihartzun nahikoa izan zuen. Bertan ustelkeria kasuak aztertzen nituen; hemeroteka lanak, memoria historikoa eta azterketa politikoa uztartuz. Proiektu honen berri bertan eman nuen 2014ko abenduan. Ia bi urte beranduago hemen gaude, ilusioz gainezka, gogoz eta duela hilabete batzuk martxan jarri genuen webgunea jasotzen ari den babesa eskertuz. Jendeak interesa ote duen jakin nahi genuen, eta bisita kopuruak eta sare sozialen eraginak baiezkoa erakutsi dute. Iazko Durangoko Azokan, argitaratutako bi liburuek oso harrera ona izan dutela baieztatu ahal izan genuen.

Hutsune bat betetzera al dator?

Ikerkuntzaren alorrean hutsune garrantzitsua dagoela uste dugu, hutsune hori betetzeko lana egin dezakegula uste dugu. Gu bezala badaude bestelako elkarteak Euskal Herriko ustelkeria azaleratzeko lanetan; adibidez, Nafarroako Kontuz edo Arabako Adi Elkartea. Didaktikoak izateko bokazioa dugu, gizarteari gure lana eskaini eta norberak epaitu dezan, inguruan gertatzen ari dena ezagutu dezan, askotan isiltasunaren geruzaren azpian gertatzen ari den hori jakin dezan. Ikerkuntzaz harago gure proiektuak gai ezberdinekiko azterketa eta eztabaida ere sustatzen du.

Hain justu, Pepe Rei kultur elkartearen babesa du 'Kazetari Kanaia' proiektuak, ezta?

Horrela da. Pasa den urtean Pepe Rei Liburutegiarekin hasi ginen lanean, eta aurten proietu honek Pepe Rei elkartearen babesa jaso du. Kazetari Kanaia izenak Euskal Herriko ikerkuntza kazetarien artean nagusienari egindako keinua da. Berari asko zor diogu eta guretzako plazera da elkartearen babesa izatea.

Ohiko hedabideek ez dute/dugu ia ikerketa kazetaritzarik egiten. Zergatik gertatzen dela uste duzu?

Dedikazio handia eskatzen duen lana da, eta askotan komunikabideen interesak beste gune batzuetan kokatzen dira. Gehienetan, oso zaila da, ezinezkoa ez esatearren, komunikabide bat berean publizitatea era batera edo bestera jartzen ari den erakunde, alderdi, enpresa baten kontra joatea. Oker deituriko oasi honetan, inpunitatearen geruzaren azpian bizi direnak komunikabideen isiltasunaz eta askoren konplizitateaz baliatzen dira. Ikerkuntzak zorroztasuna, seriotasuna eta batik bat konplexurik gabe lan egitea eskatzen du.

Zein arlotako gaiak lantzen dituzue proiektu honetan?

Ustelkeria, injustiziak eta botere gehiegikeriak salatzeko helburuarekin, ikerketa, hausnarketa eta eztabaidarako sortutako komunikabidea da Kazetari Kanaia. Betiere, alternatibak indartuz, zorroztasun informatibotik abiatuz, eta lan serio eta konprometitu batekin. Konplexurik gabe.

Kazetari Kanaiak herri mugimenduen, eta proiektu politiko, kultural eta sozialen lanaren isla izan nahi du; komunikabide gehienek estali ohi duten eredu alternatibo horien ahotsa izatea, alegia.

Gehienbat gaztelaniaz argitaratzen dituzue zeuen ikerketak. Euskarak zein presentzia du?

Egia da orain arteko argitalpen gehienak gaztelaniaz izan direla, euskaraz argitaratutako hainbat artikuluekin batera. Gure asmoa gutxinaka-gutxinaka bi hizkuntzak parekatzen joatea da, eta horretarako, guretzat ezinbestekoa den gune hori beteko duten kolaboratzaileak ditugu.

Zu zeu zabiltza zuzendari gisa, baina jende gehiagoren lanak ere argitaratzen dituzue? Beste medioetan egiten diren ikerketa lanak ekartzen dituzue zeuenera?

Alor ezberdinak jorratzen dituzten pertsonak ditugu: azterketa politikoa, lan osasuna, pentsamendu kritikoa, gizarte mugimenduak, memoria historikoa... eta baita ikerkuntzaz arduratzen garen pertsona taldea ere. Gehien bat gureak diren lanak argitaratzen ditugu, baina interesekoak diren artikulu edo albisteak ikusten baditugu, zabaltzen ahalegintzen gara.

Euskarri ezberdinak erabiltzen dituzue.

Bai, hasieratik argi genuen ahalik eta irakurle gehiagorengana heltzeko webguneaz gain, sare sozialak eta herrietako hitzaldiak baliatu behar genituela. Guretzat komunikazioa ezinbestekoa da, eta egunez egun gure eskura ditugun bide guztiak medio informazioa zabaltzen dugu. Facebook eta Twitter-en uneoro presente gaude, eta gure irakurleekiko feedback-ak interesa testatzen laguntzen digu.

Ikerketa horiek liburu forma ere hartzen dute. Orain arte, zuk prestatutako zein liburu kaleratu dituzue?

Iragan urtean Pepe Rei Liburutegia hasi genuen lehen bi liburuekin. Alde batetik, Gestión a la Vasca, eta bestetik, Caso Bidegi. Lehenengoan EAJren kudeaketa eredua aztertzen da, Euskal Herrian emandako ustelkeria eta irregulartasun kasuak. Eta bigarrengoa, Bidegi kasuan diru publikotik desagertutako 30 milioi euroei buruzko ikerketa lana egiten da.

Zein da, gaurko aurkezpenaren helburua? Zer esango zenioke jendeari gerturatzeko?

Gure helburua jendeari proiektua era didaktiko batean azaltzea da, aurkezpen baten laguntzaz ariko gara; nor garen, zer egiten dugun eta oso inportantea dena, irakurle eta harpidedunen garrantziaz mintzatuko gara. Proiektu independentea gara eta aurrera jarraitzeko beharrezkoa dugu jendearen babesa. Harpidetza Kazetari Kanaiaren oinarria da, horrek baieztatzen baitu gure informazio askatasuna eta proiektuaren garapenean laguntzen dute. Harpidedunak honako proiektuan parte aktiboa izango dira eta parte hartzerako eurentzako gunea izango dute. Hitzaldira gerturatzeko aukerarik ez dutenek gurekin harremanetan jartzeko modua ere badute: elperiodistacanalla@gmail.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!