Lokatzez blai Amasako XXIV. mendi duatloia

Irati Saizar Artola 2016ko urr. 23a, 17:04

XXIV. aldiz jarraian, mendi duatloiak hartu du Amasa. Aurten, berrikuntza gisa, erreleboka egiteko aukera izan da. 

Goizeko prestaketetan eguraldia lagun bazen ere, euripean eman diete hasiera 127 parte hartzaileek. Horietatik 12 lagunek erreleboka egiteko hautua egin dute, beraz, 6 bikotek egin beharreko lanak banatu dituzte. Ibilbidea hiru zatitan zegoen banatuta; lehenengoan, 4,25 kilometro egin behar izan dituzte korrika; jarraian, 17 kilometroz pedalei eragin behar izan diete; eta azkenik berriro ere korrika egin behar izan dute metara heltzeko, 2,5 kilometroz oraingoan. 

Mendi bideak eta belazeak segituan lokaztu dira, baina, hori ez da aitzakia izan egin beharreko lanak burutzeko. Helmugara lehena iristen Eneko Gurrutxaga izan da; jarraian, Alexander Ordeñana iritsi da eta hirugarren postua Aitor Regillagarentzat izan da. Nesketan, Zuriñe Frutos izan da azkarren; Esti Garcia helmugaratu da ondoren eta podiuma Laura Perezekin batera osatu dute. Erreleboka, Mikel Senperena eta Iñaki Olano izan dira garaile; bigarren postuan, Enrike Piedra eta Oscar Petisco izan dira eta hirugarren postuan  Asier Gorostegi eta Jorge Aranburu iritsi dira. Taldeka ere bazen parte hartzerik eta talde azkarrenaren saria Galarregi Galdaratzentzat izan da. 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!