Zer moduzko buelta izan duzu Euskal Herrira?
Oso itzulera ona. Espero baino hobeto egokitu naiz eta gustura nago. Oso pozik.
Nola sortu zitzaizun aukera Latinoamerikako berriemaile bezala hasteko?
EITBko albistegietan nenbilen lanean eta nazioarteko arlo-buruak komentatu zuen, Latinoamerikako berriemaile zebilenak postua utziko zuela. Beste norbaiten bila zebiltzan eta kontuan hartuta, nik bidaiatzeko asko aprobetxatzen nituela nire oporrak, perfil horretan sartzen nintzela ikusi zuten. Gehiegi pentsatu gabe animatu nintzen, aukera aurkeztu eta baiezkoa eman nuen, beti baitago etxera itzultzeko denbora. Tolosako musika eskolan irakasle ere banenbilen garai hartan eta nire ordezko bat bilatu beharko zutela zen nire kezka bakarra.
Nola funtzionatzen du korrespontsaliak?
EITBk duen korrespontsaliarik zabalena da Latinoamerikakoa. Gune edo zentro bezala Bogota (Kolonbia) dugu eta gero Mexikotik hegoaldera dauden herrialde guztiak gure esparruan sartzen dira. Bizitza normala, Bogotan egin eta albisteren bat gertatzen bada, adibidez, Brasilen, Ekuadorren, Mexikon edo Argentinan, bertara jotzen dugu. Beste errealitatea batzuk ezagutzeko aukera izan dut eta oso pozik nago alderdi horretatik. Saiatu naiz, beste bizimodu horiek telebista eta irratiko kroniketan islatzen.
Oroitzapen berezirik gordetzen al duzu?
Asko. Anekdota guztiak apuntatuz gero, liburu bat ere idatzi dezaket. Latinoamerika nahiz eta bat izan, oso zabala da eta errealitatea ezberdinak bizi dituzte herrialde bakar batean. Ekuadorreko lurrikara dut gogoan, bereziki. Inork ez zuen espero hainbeste hildako eta desagertu izango zirenek. Momentu batetik bestera joan behar izan genuen. Quitora iritsi eta lurrikararen epizentrora iristeko zailtasunak izan genituen, errepideak puskatuta zeudelako. Izugarrizko abentura izan zen iristea eta han geundela herritarrekin batera lo egin behar izan genuen futbol estadioan, kartoi batzuk lurrean botata. Oso gogorra izan zen. Goizeko hirurak edo laurak aldera, Euskal Herritik deika hasten zitzaizkigun eta lanean hasi behar izaten genuen, shock egoerari buelta emanda. Hildakoen usaina izugarria zen, erreplikak ere handiak ziren eta beldurrez egoten ginen, ez ote ginen gu albistearen protagonista bihurtuko. Heriotzaren aurrean, gorputzaren eta buruaren erreakzioak harritu ninduen gehien. Halako barrera bat sortu, kamara aurrean jarri eta gertatzen ari dena kontatzen duzu. Psikologikoki errealitate horrek norberari ez eragiteko, lan handia egin beharra dago, eta negar asko. Lortu behar duzu egoerak zeuregan gehiegi ez eragitea, baina ezin duzu ezer kontatu ezer sentitzen ez baduzu. Puntu hori bilatzean dago oreka.
Zein aurreiritzi zenuen zuk Kolonbiaz bertara iritsi aurretik?
Entzuna neukan biolentzia handiko lurraldea zela; narkotrafiko arazo larria zuena eta gatazka armatu luzea bizi zuena. Estetikari garrantzi handia ematen dion eta telenobelek erakusten duten Kolonbia hori ezagutzen nuen. Sei urte pasa ondoren, iritzia aldatu dut. Biolentzia handiko herrialdea izaten jarraitzen du, mina asko duena, baina horrekin bizitzen jakin duena edo ikasi duena, behintzat. Iruditzen zait herrialde alaia dela nahiz eta gerra bakarrik ezagutu. Zentzu horretan, bizitzaren ikuspegitik, oso borrokalariak dira, asko sufritu arren barkatzeko gai dira eta beti egin nahi dute aurrera.
Alderatzerik ba al dago Euskal Herrian bizi izan dugun gatazka armatua eta Kolonbiakoa?
Hasteko Euskal Herria askozaz txikiagoa da. Hemen politika asko bizi izan da, orain beste era batera arnasten dira gauzak eta jendea ez dago hain arduratuta ETAren jarduerarekin. Kolonbian berriz, gerra oso era diferentean bizi du jendeak. Gatazka bere gordinean jasan izan dutenak, era batera edo bestera, barkatzeko gai izan dira. Baina gerra bizi izan ez dutenak eta hirietan bizi direnak, telebistaz bakarrik ikusi dute gatazka armatua. Jende hori ez dago FARC eta Kolonbiako gobernuaren arteko akordioa onartzeko prest. Nik neuk ere ez nuen pentsatzen elkarrekin eseri eta lau urtetan akordioa lortuko zutenik, baina bakearen bidetik jotzea erabaki dute eta poztekoa da. Hemen Euskal Herrian hori ikusteko urte asko pasa beharko dira, besteak beste, Espainiako gobernuak ez duelako negoziaziorik abiatu ETArekin.
Zuk gerrillariekin egoteko aukera izan zenuen hona etorri aurretik. Nola irudikatzen dute euren etorkizuna?
Astebetez, haien kanpamenduetan egon ginen, eguneko 24 ordutan. Akordioa lortzeko egun gutxi falta ziren eta handik atera ginenean jaso genuen berria. Ikusten genuen, oso itxaropentsu zeudela gertatzen ari zenarekin. Armak alde batera uzteko prozesuarekin hasita zeuden eta amesten zuten etorkizunarekin. Ikasi egin nahi zuten askok. Hirietara pixkanaka salto egin eta bizitza zibilera pasatzeko prestatzen ari ziren. Armak alde batera utzita politikoki euren borrokarekin jarraitzeko asmoa agertu ziguten. Seguru nago aurreko igandeko plebiszituko emaitzek lekuz kanpo utzi dituela gerrillariak.
Eta zuk espero al zenuen ezezko emaitza gailentzea?
Ez, nik ere ez. Baina esango nuke, ezezkoa babestu zutenek ere ez zutela espero. 50.000 botoko aldea egon da, oso alde txikia izan da. Hasteko, %63ko abstentzioa egon da. Jende askori berdin zaio zer gertatzen den eta erdiak baino gehiagok ez du bozkatu. Hala ere, oso dezepzionatuta nago kolonbiarrek hartutako erabakiarekin, oso inkontzienteki jokatu dute eta ez dute pentsatu benetan gerra sufritzen duten horiengan. Ezezko botoa gehiago mobilizatu da eta Uribe presidente ohia izan da guzti horien buru. Sektore politiko horrek pentsatzen du gobernuak FARCi kontzesio bat egin diola. Gerrilla garaitu nahi dute eta sufriarazi egin nahi diete, haiek eragindako mina itzultzeko. Ez dute gerra bat amaitu dela onartu nahi, baldin eta estatuak irabazten ez badu. Gainera, desinformazio asko zabaldu dute: gerrillariei soldata bat emango zitzaiela esan da, kartzela zigorrik ez dutela bete beharko, Castro-Chavismoaren izua zabaldu dute, homosexualitatea ere nahastu nahi izan dute... Pedagogia apur bat falta izan dela uste dut eta jendeari aurrez ulertarazi behar zitzaiola akordioa.
Uribe presidente ohia atera da, beraz, garaile?
Plebiszituan, Santosen kudeaketaren kontrako jarrera bat ere agertu nahi izan dute ezezkoarekin. Uribismoak indar handia izaten jarraitzen du eta Santosek emandako pauso bakoitzari oztopo asko jarri dizkio aurreko presidenteak. Nik uste, lortzen ari den guztiarengatik, inbidia pixka batekin jokatzen ari dela. Ni ez naiz Santos zalea, baina bakea lortzeko eman dituen pauso asko errespetagarriak dira. Aldi berean, faltsu positiboen afera ere egozten zaio egungo presidenteari. Beraz, argi-ilun asko ditu bere figurak.
Orain presidenteari dagokio egoera hau kudeatzea.
Ez dago B planik. NBErekin armagabetzearen inguruan pauso batzuk lotuta zeuden, hurrengo urtean aita santuaren bisita espero zuten Kolonbian, Timochenko eta Santos bera, Bakearen Nobel saria eskuratzeko proposatuta zeuden... Orain ikusi beharko da zer gertatzen den. Berriz ere akordioa negoziatu eta aztertzekotan geratu dira. Uriberi eman zitzaion akordioan sartzeko aukera eta ez zuen nahi izan. Orain berriz puntu bakoitza aztertu beharko dute? Zenbat denbora beharko dute berriz ere akordioa lortzeko? Santosek su-etena mantenduko zuela esan arren, orain iragarri du, urria amaieran bukatzen dela menia. FARCek ere galdetu du ea gerrara itzuli behar ote diren. Ni oso kezkatuta nago. Berriz ere elkar erasotu behar dute? Agian ez zen akordiorik onena izango, baina nonbaitetik hasi beharra zegoen.
Justu orain, Kolonbian momentu interesgarriena bizi duten garaian itzuli behar izan duzu. Ez al dizu pena ematen?
Ez. Euskal Herritik hau dena bizitzea interesgarria da. Euskalduna naiz, baina kolonbiarra ere bai. Nik kolonbiarrekin harremana mantenduko dut. Zortea izan dut, bake prozesua bizitzeko eta Kolonbian zehar bidaiatzeko. Akordioa lortu zenean Bogotan nengoen eta beste milaka kolonbiarrekin disfrutatu eta negar egin nuen. Oso barrutik bizi izan dut eta bihotzez, haiekin nago. Oraintxe sufritzen, bizi duten egoeragatik. Nik uste dute, hala ere, jakingo dutela akordio batera heltzen.
Zuk orain ibilbide profesional berria abiatuko duzu hemen.
Bai, orain Villabonan nago. Beste etapa bat hasi da. Ez dakit zenbat denbora emango dudan hemen. Esan izan didate behin korrespontsal bezala aritu ondoren, oso denbora gutxi emango dudala geldi leku batean. Sustraietara bueltatzeko beharra sentitzen nuen, hala ere. Mimo asko eman eta jasoko dut tarte honetan eta auskalo hemendik urtebetera zer pasatuko den.