«Ez dago alderatzerik Quebrantarekin, La Purito gogorragoa da»

Asier Imaz 2016ko ira. 21a, 09:50

5.200 metroko goranzko malda duen La Purito Andorra zikloturista martxa lehen postuan amaitu du billabonatarrak;  proba amaitzeko 35 kilometroren faltan bi minutuko atzerapena zuen Urizarrek Raul Portillorekiko.

Joaquin Rodriguez Purito txirrindulariak aurten utziko du txirrindularitza profesionala. Kirol hori, ordea, barru-barruan darama kataluinarrak, eta lotura hori ez da etengo. Horren adibide garbia, iaz abian jarri zuen La Purito Andorra martxa zikloturista da. Aurten, abuztuaren erdian, bigarren edizioa antolatu zuen, eta bertan, billabonatar bat gelditu zen sailkapen nagusian lehen postuan: Luis Mari Urizar (1968, Villabona).

Lorpen berezia?
Askotxo esatea izango litzateke hori. Pozgarria izan da.
145 kilometro eta sei mendate. Maila bereziko bat, lehen mailako lau, eta bigarren mailako bat.
Zelairik ez zegoen han. Dena goraka edo beheraka. Portu arteko tartea ere gorantz zen. Askotan, portua jaitsi, biribilgunean buelta eman, eta berriro ere gora.

Zenbat parte hartzaile irten ziren?
2.000 bat inguru.

Eta horietako bat zu. Zein helbururekin joan zinen bertara?
Ez nuen uste aurrena bukatuko nuenik. Iaz ere bertan izan nintzen, eta egia da hobeto sentitzen nintzela aurten, baina jende ona zegoen eta ez nuen intentzio hori. Aurrean ibiltzeko helburuarekin joan nintzen, baina aurretik jendea izango nuela jakinda.


Iaz zein postutan iritsi zinen helmugara?
Zortzigarren amaitu nuen. Gutxiago prestatuta joan nintzen, baina ondo ibili nintzen.


Zein izan zen martxaren bilakaera?
Hasieratik, aurreneko portuan, 15 bat lagun geratu ginen. Bigarren portuan, Ordinon, bost bat atzean geratu ziren, eta beste hamarrak aurrera jarraitu genuen. Hirugarrengoan aurrera joan nintzen, eta atzetik beste bi etorri zitzaizkidan. Horietako bat, iaz bigarren gelditu zen Raul Portillo.


Ondoren, mendaterik gogorrena eta ospetsuena tokatzen zen, La Gallina.
Hirurok elkarrekin iritsi ginen, baina Portillok aurrera egin zuen. Ni bere atzetik pasatu nintzen, bi minutura edo. Azken aurreko portuan, Comellan, oraindik aurretik nuen arabarra. Erreferentzia ordea 1:40koa eman zidaten. «Hau ez doa indarrez soberan» pentsatu nuen. Nik atzetik taldetxo bat nuen, 3 minutura edo. Portua jaitsi eta azkeneko mendaterako tarte horretan, goraka zihoan errepidea. Hor denbora dezente jan nion, eta azken portuaren hasieran ia ikusten nuela nuen, minutu batera edo. D' Encamp igotzen, 5-6 kilometroren faltan harrapatu nuen.  


Harrapatu eta pasa?
Bai. Pixka bat saiatu zen eusten, baina atzean gelditu zen.


Gakoa zure indarrak neurtzean egon al zen?
Gasteizko batek, hasiera aldean, alde egin zidan. 10 metro atera zizkidan, eta ikusi nuen ez zihoala oso urrutira. Hori nire erritmoa hartu nuen, eta horrela jarraitu nuen lasterketa osoan zehar. Bigarren postuan gelditu nintzenean, pentsatzen nuen lehenak denbora gehiago aterako zidala, baina jaisten joan nintzen pixkanaka, nire indarrak neurtuz.


La Gallina helmugatik 35 kilometrora zegoen. Lehen postua galdutzat ikusi al zenuen Portillok erasoa jo zuenean?
Atzetik jendea ez etortzea neukan buruan. Portillo goraka oso ondo moldatzen da, iaz Espainiako Masterra irabazi zuen. Baina bi minutu bakarrik kendu zizkidan portuaren amaieran; gehiago izango zirela pentsatzen nuen. Ez nuen uste harrapatuko nuenik, baina hurrengo portuan denbora jan nionean…


Amaieran galdetu al zenion Portillori zer gertatu zitzaion?
Bai, hitz egiten aritu ginen. Indarrak gehiegi behartu zituela esan zidan. Azkarregi jo zuela erasoa eta hustuta ibili zela ondoren, eta azken porturako zatia, oso luzea egin zitzaiola.


Eta zu nola ibili zinen ibilbidean?
Azken portura osorik iritsi nahi nuen, eta pentsamendu horrekin atera nintzen. Indarrak neurtzen ibili nintzen, eta horregatik lortu nuen amaieran harrapatzea. Asko joz gero, ondoren amaitzen ere komeriak izaten dira batzuetan.


Eta gehiago, 2.000 metrotik gorako mendateez hitz egiten ari baldin bagara.
Hiru edo lau aldiz 1.500etik gora ibili ginen. Hori nahiko arriskutsua izaten da. Neurria ez baldin baduzu ondo hartzen, gero faktura pasatzen dizu.


Quebrantarekin alderatuko bagenu…
Ez dago alderatzerik. Han bataz besteko malda ez da 4.000 metrora iristen, eta hemen 5.200ean dago. Dezente gogorragoa da hau.


Parte hartzaileen artean, Joseba Beloki, Claudio Chiappucci…
Bai, baina horiek eguna pasatzera joaten dira. Egin beharrekoak eginda dituzte. Belokirekin badut laguntasuna, elkarrekin ibili baikinen afizionatuetan Kaiku Gurelesa taldean. Martxan gindoazela lehen portuaren aurretik hitz egiten egon ginen, eta berriro ere bazebilela esan didan.


Purito-ren papera zein da martxan?
Sartuta dagoela esango nuke. Bere ordezkaria eta anaiaren artean antolatzen dute martxa gehien bat, baina bera ere han ibiltzen da. Iaz, adibidez, lasterketa ondoren afaria zegoen eta bera han egon zen. Aurten ere martxan parte hartu du, baina esan bezala, horiek egun pasa joaten dira.


Korrika, duatloietan, bizikletaz,… denetik egin duzu zure ibilbidean.
Bizikleta mundutik nator gehienbat, afizionatuetan ibili bainintzen. Gero kros batzuk ere eginak ditut, baina gehienbat duatloietan ibili naiz. Duela hiru urte lesio bat izan nuen, pubis inguruan, eta geratu beharrean jarraitu egin nuen, eta aberia dezentekoa egin nuen. Korrika, beraz, erabat utzita daukat orain. Mendiko bizikletarekin eta errepidekoarekin aritzen naiz.


Eta hemendik aurrera, zer dago zure egutegian?
Lehen Aiako Harriak BTT proba egiten nuen, baina bertan behera utzi omen dute. Aurten Euskadiko Irekian BTTko hainbat lasterketa egin ditut, eta hurrengo urtean ere hor ibiliko naizela uste dut. Ikusiko dugu. Adinean ere aurrera goaz, eta gorputzak irauten duen bitartean jarraituko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!