Azoka eta isats gisatua

Jon Miranda Labaien 2016ko irailaren 8a

Larunbat goizean Irrintzi Elkarteak antolatutako XXI. Elikagaien Azoka Berezia eta XXII. Isats Gisatu Lehiaketa izango dira Zubimusu ikastolaren Txermingo egoitzaren jolaslekuan.

Euskal Herri osoko baserritar eta artisauak batuko dira larunbatean, irailak 10, Villabonako Zubimusu ikastolaren Txermingo egoitzan Irrintzi elkarteak antolatu duen XXI. Elikagaien Azoka Berezian. 09:30ean hasi eta 14:00ak arte 50 postu inguru egongo dira jarrita ikastolaren jolaslekuan, «aurreko urteetan baino gehiago», Irrintzi elkarteko lehendakari Gaizka Ezeizak nabarmendu duenez.

Azokan parte hartuko duten postuen artean sariak banatuko ditu Irrintzi elkarteak. Eskaintza zabalena eta itxura ederrena ematen duten postuak sarituko dituzte. Iaz, adibidez, eztiarekin loturiko produktuekin Berrobiko Iñigo Erauskinek jarritako postuak lortu zuen lehen saria.

Antolatzaileek iragarri dutenez, gazta, ogia, txerrikiak, barazkiak, fruta, kontserbak eta era guztietako jakiak izango dira postuetan. Ardoa, cava, likoreak, txakolina eta sagardoa ere dastatu ahal dira eta artisau postuetan kosmetika eta burdindegi lanak erakutsiko dituzte. «Guztiak ere kalitate handiko produktuak izango dira, Euskal Herritik eta Errioxatik ekarritakoak», antolatzaileen esanetan.

ELKARTEEN ARTEAN LEHIA

Aurreko urteetan egin izan duten bezala, Elkarteen arteko Isats Gisatu Lehiaketa antolatu dute larunbaterako. 12:00etarako aurkeztu beharko dute elkarteek isats gisatu platera.

Iaz, herriko Irrintzi, Behar Zana, Zunbeltz, Ubane eta Uxo Toki herriko elkarteek, Zizurkilgo Urkamendik eta Asteasuko Aitzondok hartuko zuten parte eta Behar Zanako Eneko Amondarain eta Enrike Merinok irabazi zuten lehiaketa. Bigarren tokian geratu zen Irrintzi elkartea eta lehen aldiz aurkeztutako Ubane elkarteak hirugarren saria eraman zuen.

Larunbat goizean, beraz, zer ikusi eta dastatua egongo da Elikagaien azoka berezian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!