Astelehenetik aurrera hondakin guztiak edukiontzietan jasoko dira Amasa-Villabonan. Beira, papera eta ontziak biltzeko edukiontziak irekiak izango dira eta hondakin organikoak eta errefusa jasotzeko edukiontziak zabaltzeko txartela beharko dute herritarrek. Behin txartela jasota, nahi adina alditan zabaldu ahal izango dituzte bi edukiontzi horiek. Astelehenetik aurrera, familia bakoitzak bere txartela eskuratu ahal izango du zehaztutako puntuetan.
«Gure poztasuna azaldu nahi dugu hauteskunde aurretik agindu genuena lortu dugulako», adierazi du Ibon Ariznabarreta Amasa-Villabonako alkateordeak, «herrian egoera oso desatsegina sortu zen gai honekin. Horri amaiera eman eta sistema berriarekin hasiera hobeago bat ematen diogulakoan gaude». Sistema berria martxan jartzera doazela iragartzeko agerraldian, ordea, udal gobernuko kideek bakarrik hartu dute parte. Amasa-Villabonako EH Bilduk esana du udal gobernuak «sekretismoz eta ezkutuan» jardun duela gai honekin, «oposizioari ezer jakinarazi gabe». Hori dela eta presazko Ingurumen batzorde bat deitzea eskatu dio koalizio abertzaleak udal gobernuari.
Atzo erantzun zuen Eneko Urdangarin ingurumen arloko zinegotziak: «Oposizioarekin eta sistema martxan jartzen lagunduko duten eragile guztiekin elkartu gara, baina ezinezkoa izango zaigu egunotan batzorde bat biltzea, teknikaria bera lanpetuta egongo delako». Sistema osoari jarraipena egiteko tokia batzordea izango dela iragarri zuten atzo udal gobernuko kideek: «Agian egongo da kasu bereziren bat non hobekuntzaren bat egin beharko dugun, baina horretarako dago udala, jendeari entzun eta ahal den heinean laguntzeko».
Sistema merkeagoa
Irailaren 12tik aurrera herriko 17 puntutan jarriko dituzte edukiontziak eta bakoitzak 2.200 litroko edukiera izango du. «Egun pare batean amaituko dutela espero dugu eta edukiontziak jarri bezain pronto erabiltzen hasi ahal izango dira».
Hemendik aurrera, Amasa-Villabonako hondakinak Andoaingoekin batera bilduko dira, «eta honek guztiak mankomunitatearen datuei kasu eginez gero, 50.000 eta 55.000 euro inguruko aurreztea suposatuko digu urtero», dio Ariznabarretak. Sistema berriarekin aurreztutako diruarekin poltsa konpostagarriak banatuko zaizkie doan herritarrei. «Batzuei entzun izan diegu garestiak direla eta hori zela hondakinak ez sailkatzeko arrazoia. Orain 2-3 poltsa izango ditu astero familia bakoitzak». Hemendik gutxira, poltsa konpostagarriak eskuratzeko txartelarekin funtzionatuko duen makina jarriko dute liburutegi azpian.