Handia egin du Ait Chaouk, AEBetan

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko irailaren 5a

Larunbatean izan zen proba, AEBetan, Montanan. Irudian, Hassan Ait Chaou Zegama-Aizkorri lasterketan. ARITZ GORDO.

Munduko Skyrace kopako zazpigarren jardunaldia irabazi du billabonatarrak, 28 kilometroko proban.

Euskal selekzioaren elastikoa soinean, Hassan Ait Chaouk ozeanoz bestalde eskuratu du, akaso bere kirol ibilbideko lorpen handienetakoa izan litekeena: munduko Skyrace txapelketako zazpigarren jardunaldia irabazi du.

Joan den larunbatean, AEBetako The Rut-en, Montanan, 28 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten parte-hartzaileek, 2.400 metroko gora-beherarekin. Billabonatarrak hiru ordu eta sei minutuan biribildu zuen lana, ezusteko galanta emanda.

Proba hasi bezain pronto aurrea hartu zuten faboritoek, baina Dakota Jones estatubatuarrak lortu zuen bere aldeko tartetxoa zabaltzea; lan erditan, Jones-ek hiru minutuko aldea zuen gainerako korrikalariekiko, eta bazirudien lasterketa ia erabakita zegoela. Atzetik, podiuma osatzeko bidean, Hassan Ait Chaou eta Jan Margarit lanean ari ziren; lasterketa irauli egin zen, ordea, bigarren zatian.

Hassan Ait Chaouk lehen postuan jartzea lortu zuen, Dakota Jones atzean utzita, eta Jan Margarit ere atzean geratu zen, Kiril Nikolov eta Michael Barlow-ren mesedetan. Horrela, helmugara bakarrik iritsi zen Hassan Ait Chaou, kronoa 03:06an geratuz, eta bigarren sailkatuari 8 minutuko aldea aterata. Skyrunner Worl Series txapelketan estreinakoz jantzi du txapela.

The Rut, 28 kilometro (Montana, AEB)

  1. Hassan Ait Chaou –  3h06’39”
  2. Kiril Nikolov – 3h14’35”
  3. Jan Margarit  – 3h15’00”
  4. Michael Barlow – 3h15’11”
  5. Timmy Parr – 3h22’02”

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!