Beldurra aldez aldatu nahian

Ataria 2016ko abuztuaren 9a

Emakume batek salatu du Villabonako jaietan droga bota ziotela edarira, eta hurrengo goizean ospitalean esnatu zela. Tolosaldeako Koordinadora Feminista, Amasa-Villabonako Udala eta Onddo Gazte Asanblada Berdura plazan elkartu dira gertakizuna salatzeko.

Santio jaietan, uztailaren 27an, gertatu zen, jada ohikoa dirudien gertaera; izan ere, Ibarrako Gazte Festetan ere jazo zen antzeko gertakizun bat. Villabonako Santio jaietan neska gazte bati droga bota zioten edarira, bera jabetu ere egin gabe. Geroztik, gazteak ez du ezer gogoratzen, eta hurrengo goizean ospitalean esnatu zen ertzainez inguraturik, prentsaurrekoan salatu dutenez.

 

Tolosaldeako Koordinadora Feministako kideetako batek adierazi duenez, "agerikoa da pertsona jakin batek edo batzuek maltzurkeriaz eginiko ekintza dela. Zer egin nahi zuten? Ez dugu pertsona horien intentzioen berri, baina badakigu joko zikinez baliaturiko ekintza honen asmoa ez dela ona". Gainera, jazoera horietan emakumea izaten da biktima, ia beti. Horren haritik, beste gertakizunak ere gogoratu nahi izan dituzte: "Ez da harritzekoa berriz emakumea izatea, ezta gaztea ere. Ibarrako Gazte Festetan ere ezagutu genuen antzeko egoera bat; bi neska izan ziren ezkutuko drogaren ondorioak jasan zituztenak. Behin eta berriz entzuten ditugu beste herrietako festa batzuetan ere horrelako pasarteak".

 

Gertatutakoa salatu ostean, azaldu dute izua kontrako aldera aldatzeko lanean jarraituko dutela: "Tolosaldeako Koordinadora Feministako kideok lanean jarraituko dugu brigada feminista bezalako iniziatibak eta emakumeon indarra baliatuz. Beldurra aldez aldatuko dugu, eta ez dugu onartuko norbanakoaren eskubide urraketarik".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!