Billabonatarrek lortu ez duten txapelaren bila, Jokin Altuna

Asier Imaz 2016ko uztailaren 27a

Behar Zanako pilotariek Gipuzkoako Errebote Txapelketaren finala jokatu dute Zubietan; Jokin Altunak Bizkaia Torneko finala jokatuko du larunbatean, 5 t'erdian.

Gipuzkoako Errebote Txapelketaren finala jokatu zen larunbatean Zubietan. Etxeko taldearen eta Villabonako Behar Zanakoen artean. Zubietarrak jaun eta jabe izan ziren, 13-4 irabaziz. Txapela beraz, etxean gelditu zen. Itzala emango dion sariaren bila Jokin Altuna aterako da larunbatean, Bilboko Bizkaia frontoira.

Aspe eta Asegarce enpresetako hainbat pilotari Bizkaia Torneoa jokatzen ari dira. 5 t'erdian binaka jokatzen den udako txapelketa da. Izenak dion bezala, lurralde horretako pilotalekuetan jokatzen dira partidak. Finala, hiriburuan izaten da. Aurtengo bosgarren edizioa da, eta finala asteburuan geratu zen erabakita: Aimar Olaizola-Andoni Aretxabaleta vs. Jokin Altuna-Abel Barriola. Azken partida hori 18:00etan hasiko den jaialdiaren barruan jokatuko da. Lehen partidan, Jaka-Zabaleta eta Artola-Zabala ariko dira. 

FINALAURREKOAK

Altuna III.ak eta Barriolak igandean jokatu zuten finalerdia Etxebarrian. Irribarria eta Rezusta zituzten aurkari. Irabazleak finalerako txartela lortzen zuen, eta beraz, partida serio hartu zuten lau pilotariek. Altuna III.a eta Barriolak 22-10 irabazi zuten. Irribarria eta Rezustari txiki geratu zitzaien 5 t'erdiko distantzia. Urduri tantoa azkar bukatu nahian ibili ziren, eta hori aprobetxatuz, aurkariek euren zakua tantoz bete zuten, 22ra iritsi arte.

Bigarren finalerdia astelehenean jokatu zen, hau ere Etxeberrian. Olaizola II-Aretxabaleta nagusitu ziren 22-9ko emaitza argiarekin. Elezkano II-Urrutikoetxea ezinean ibili ziren partida osoan zehar, kantxara ezin egokitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!