Aparraz harago doan arrakasta du garagardo azokak

Jon Miranda Labaien 2016ko uzt. 14a, 11:12

Gaurtik igandera arte irekita egongo da Txermin auzoko ikastolaren egoitzan, Irrintzi elkarteak antolatzen duen azoka.

Euskal Herriko garagardo azoka beteranoena da Villabonakoa. Intxaurrondoko Artzak Ortzeok elkarteak antolatutakoa izan zen lehena eta, haiek ere, txirrindularitza eskolarentzat dirua biltzeko antolatu zuten ekimena. Eredu horri jarraituz, duela 20 urte antolatu zuen, Irrintzi elkarteak, lehen azoka, eta etenik gabe jardun du. Gaur zabalduko ditu ateak eta igandera arte, arratsaldero 18:00etatik aurrera, garagardoa dastatzeko aukera izango da Zubimusu ikastolaren Txermingo egoitzaren behealdean.

Agustin Laskorain Irrintzi elkarteko kidea da eta azokaren antolaketan buru belarri jardun du urteotan: «Hasiera hartan gure elkarteko kide askok ere ez zuten sinesten funtzionatuko zuenik. Lehen urtetik, ordea, jendea erruz gerturatu zaigu».


Arrakastaren giltza non dagoen galdetuta, antolakuntzan jarri du arreta Laskorainek: «Tokiak, antolatzeko aukeraturiko datak eta eskaintzen dugunaren kalitateak badu zerikusia, baina arrakastaren %75a antolakuntzari zor diogu». 90 pertsona inguru aritzen dira lau egunetan lanean 60 inguru elkarteko bazkideak eta gainerakoak ingurukoak. «Norberak badaki zein lan egin behar duen egunotan, eta ez da inolako liskarrik izaten gure artean. Elkarrekin dugun harreman onari esker ateratzen dira gauzak aurrera».

Tiketak saltzen, barran garagardoa zerbitzatzen, sukaldean ukondoa prestatzen... Erruz egin behar izaten dute lana Irrintzi elkartekoek. 18:00etan ateak zabaldu eta 01:00ak arte egoten da irekita azoka. «Jende gehien biltzen den garaia afalordua izaten da, 20:30tik 22:00etara».

Antolakuntzakoek ez dakite zehatz esaten zenbat jende bertaratzen den Villabonako azokara. «Askok afaria hartu eta etxera eramaten dute, edo badira garagardoa dastatzera bakarrik etortzen direnak. Lehen egunean herriko jendea ibiltzen da gehienbat eta, igandetan, familia giroa sumatzen dugu». Irrintzikoek esku artean iaz jasotako datuak dauzkate: 10.000 litro garagardo baino gehiago saldu zuten, eta 3.500 ukondo zerbitzatu.

Aurten 25 garagardo mota egongo dira dastatzeko: 20 iturritik eta 5 botilan. «Pitxar bakoitzak euro bat balioko du eta, ezinbestean, aurten 10 zentimo garestitu ditugu iturritik eskainiko ditugun garagardoak. Botilakoak, iaz bezala, 3 euro balioko du eta jatekoetan ez dira prezioak garestitu».

Aurrez egin du apustua Laskorainek: «Aurten ere, Grinbergen duble garagardoa izango da salduena». Jendeak hainbat bota dastatzeko ohitura izaten duela dio Irrintzi elkarteko kideak, baina oraindik ere garagardoaz asko dagoela ikasteko. «Azken urteotan ikusi dugu garagardo gutxiago kontsumitzen dela; alderantziz, jakiek arrakasta handia izaten dute. Ukondoa dastatzera berariaz etortzen da jendea beste herrietatik». Izan ere, eskualdeko jendeaz gain, Gipuzkoa osotik eta beste herrialdeetatik ere bertaratzen dira garagardozaleak azokara.

«Duela urte batzuk andaluziar batzuk etorri ziren. Errepidean azoka iragartzeko kartela ikusi, eta Villabonara sartu ziren. Bapo afaldu eta garagardoa edan ondoren, galdetu ziguten ea hurrena zein herritan jarriko genuen azoka», gogoratu du Laskorainek, barrez. «Haiek pentsatzen zuten antolakuntza profesionala zela, eta herriz herri ibiltzen ginela horrelako feriak antolatzen». Gaur egun, ez dute hainbeste ahaleginik egiten azoka iragartzen. «Uste dut dagoeneko jendeak ezagutzen duela eta gure borondatea ez da gehiago haztea. Besteak beste, gaudeon artean ezingo geniokeelako azoka handiago bati erantzun».

Irrintzi elkartekoek eutsi diote garagardo azoken aparrari, krisiak eragindako beherakadari, antolakuntzan pisua izan duten kideen desagertzeari eta elkartean izan diren bi suteei. «Ahal den bitartean eutsiko diogu», dio Laskorainek. «Tamalez, txirrindularitza eskola geldirik dugu, baina lasterketak antolatzen ditugu. Batez ere, eskatutako maileguei buelta emateko antolatzen dugu azoka». 20. urtez, zerbitzu bikaina eskainiko dute Txermingo egoitzan.

20. GARAGARDO AZOKA

Ordutegia

18:00 - 01:00. Uztailaren 14 tik 17ra.

Salneurriak

Pitxarra. Euro 1.

Garagardoak iturritik. 3,60 euro.

Garagardoak botilan. 3 euro.

Ukondoa. 8,50 euro.

Gulak. 3 euro.

Haragi pastela, langostinoak, idiazabal tarta eta gazta. 2,50 euro.

Saltxitak, entsaladak eta patatak navarrito erara. 2 euro

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!