Alkatearen soldataz adierazpena egin du EAJk

Ataria 2016ko uzt. 11a, 10:09

Amasa-Villabonako EAJk adierazpena kaleratu du, Maite Izagirre alkate berriak jasoko duen soldataren harira sortu den eztabaidari erantzunez.

EAJ-PNV alderdi udalzalea da, gertukoa, bertakoen arazoak konpontzen saiatzen den alderdia. Gertuen dagoen erakundeak egin dezakeena eginez, subsidiaritate printzipioa aplikatuz. Guretzat, udala herritarren eta ekonomiaren garapenaren motorra da. Duela gutxi, Eusko Legebiltzarrak (EAJ-PNV eta EH Bilduren bozkekin) Udal Legea onartu zuen. Lege honek, lehen aldiz, udalek ematen dituzten zerbitzuak eta udalek dituzten eskumenak aitortzen ditu, behar beharrezkoa duten finantza sistema bat ematen zaie eta  kudeaketa publikoan bete beharreko gardentasun eta partaidetzarako tresnak artikulatzen ditu, udalek, Euskal Finantza Kontseiluan, hitza eta bozka izango dutela zehaztuz. Lege berri honen eskutik, udalak euskal erakunde arkitekturaren parte izango dira, eskuduntza eta zerbitzu  ardura gehiago izango dituzte beraien gain, ondorioz baita ardura maila handiagoa ere.

Ardura berri hauei jarraikiz, EAJ-PNVk alkate berriarekin soldata bat adostu du, EUDEL eta Foru Aldundiaren gomendioekin bat eginez, 5.000 eta 10.000 biztanleko herrietarako, 60.378 euroko gehienezko soldata aurreikusten du. Ezkutatzekorik ez daukagunez adostu den soldata urteko 52.000 € soldata  gordina da (garbi jasoko duena gutxiago izango da), kontutan hartu direlarik Maite Izagirreren egungo  lan egoera eta egoera pertsonala. EAJ-PNVren ustez, alkatea da maila handieneko “funtzionarioa”, bere ardurapean 6.000 biztanle baititu eta lan jardunak egun osokoa eta urteko 365 egunetakoa izan behar baitu (lan ordu normalak gaindituz). Alkatearen soldata udaleko maila handieneko langilearen parekoa izango  da, gainditu gabe.

Horregatik, kezkatuta egiten gaitu EH Bilduk  alkate berriaren aurka hasi duen kanpainak. Herriko giroa berotu nahian ibiltzeak kezkatzen gaitu, eta batez ere EH Bilduko bozeramailearen hitzek eta errespetu faltak kezkatzen gaitu.

Horrelako hitz eta jarrerekin, bere buruarenaz gain, EH Bildu udal taldeko guztien izen ona galtzea ekarri du. EAJ-PNVren ustez, hitz hauek, talde “klasista” baten argazki argia dira, pertsonak, egiten duten lanaren arabera, lehen edo bigarren mailan mailakatuz. Guk beti defendatuko dugu edozein pertsonak edozein erakundetan kargua izateko eskubidea. Gure ustez, soldatak ez du zer ikusirik eduki behar aurretik egin duzun lanarekin, bai ordea,  betebehar duzun kargu horrek dituen ardurekin eta eskaintzen zaion denborarekin. Aurkakoa pentsatzeak aldiz, “kasta sistema” bezalakoak babestearen antzekotasun handia du, non pertsonak, jaio den familiaren araberako garapen maila mugatua izango duen. EH Bilduren jarrera azken muturrera eramango badugu, herri ordezkaritzaren aukeraketaz, pertsonal aukeraketak egiten dituzten horietako enpresa bat arduratu beharko litzateke.

Udal politika, hori baino askoz gehiago da, ideologia eta herriarekiko konpromisoa da. Gure ustez, egoera pertsonalak kontutan hartuz  eta ezarritako legea betez, alkate bakoitzak bere soldata ezartzeko askatasuna eduki behar du. Ildo honetatik, EAJ-PNVk ez zuen kritikatu EH Bilduk pasa den legealdian alkatea eta beste bi zinegotzi soldatarekin (70.000 euroi) edukitzea. Krisi egoeretan demagogia egitea erraza izaten  den arren,  udal politikoen soldata ez da dirua xahutzea. Aldiz, atez atekoan 500.000 euro  baino gehiago eralgitzea, bai.

EH Bilduk, herria paskinez betetzeko eta mespretxuzko komentarioak egiteko aukera egin du. Kritika politikoa gauza bat da eta pertsonari irainka ibiltzea eta aurkari politikoa izutzeko etengabeko saiakera, beste bat, oso ezberdina. EAJ-PNVk akordioaren aldeko lanean jarraituko du, elkarrizketa eta adostasunaren bidetik, topaketarako eta elkarbizitzarako gune berriak irekitzearekin batera tentsio eta biolentzia egoera politikoak desager daitezen. Eskerrik asko Maite.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!