Metalgintza prest, datorren ikasturterako

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ekainaren 28a

Gurea aretoko batzarraren ondoren, elkarretaratzea egin dute Villabonako plazan.

LAB sindikatuko Gipuzkoako metalgintza langileek batzarra izan dute, gaur, Villabonako Gurea aretoan; elkarretaratzea egin dute, ondoren.

Gaur egun sektoreak duen egoera hizpide izan dute eta, besteak beste, datorren ikasturterako lan-ildo nagusiak onartu dituzte, Gipuzkoa osoko ordezkariekin.

Prekarietateari aurre egitea izango da LAB sindikatuak metalgintzan izango duen helburu nagusia eta, Jon Ander Goñi industria arduradunak azaldu duenez, enpresaz enpresako plangintza zehatza garatuko dute: "Bada garaia ofentsibara pasatzeko, eta patronalak lapurtutako eskubide horiek guztiak berreskuratzeko". Bide horretan, Madrilen berriki sinatu duten estatuko hitzarmena gaitzetsi du LAB sindikatuak, eta euskal patronalaren nahia dela hitzarmen kolektiboa Madrilera eramatea, "prekarietatea helburu bakar dutela".

Horrenbestez, "lan-harremanetarako euskal esparru propioa izatea" ezinbestekotzat jo dute mobilizazioan: "Hemen sortzen den aberastasuna era justu batean banatu behar dugu". Goñik azaldu du helburu horri begira elkarlan guztiei ateak zabalik utziko dizkiotela, baina "inoren zain" ere ez direla egongo, beren aldarrikapen lerro horiek aktibatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!