Giro asaldatua, Maite Izagirreren alkate izendatzean

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko eka. 28a, 15:07

Maite Izagirre izango da, aurrerantzean, Amasa-Villabonako alkatea.

Ordainsarien inguruan aurreikusitako gaia hurrengo osoko bilkurarako utzi zuen gobernuak, eta ika-mika piztu zen aretoan.

Aste gorabeheratsuak izaten ari dira Villabonan, Iban Agirre alkate zenak bere dimisioa aurkeztu izanaren harira. Haren lekua Maite Izagirre jeltzaleak beteko du aurrerantzean, atzo ohiko osoko bilkuran hala erabakita; eztabaida giroa izan zuen, alkate berriak, bere lehen plenoan.

Lege-sistemak hala eskatuta, Iban Agirrek alkate karguari uko egin zionez, papertxo bidezko botoak eman behar izan zituzten zinegotzi guztiek. Alkate hautatuak, gutxienez, zazpi boto behar zituen eta, gainerakoan, zerrenda bozkatueneko buruak hartuko zukeen postua. Halaxe gertatu zen, bada, eta Maite Izagirre EAJko zinegotziak aginte-makila hartu zuen, keinu batez herritarrei eskainiz.

Alderdiari eta PSE-EEko zinegotzi Maria Luisa Arijari eskerrak emanez hasi zuen bere lehen esku-hartzea: "Harrotasuna sentitzen dut nire herria ordezkatuko dudalako, eta harrokeria gutxi, era berean: hitz egin baino gehiago, entzun egin beharko dut, herriak baitu azken hitza. Ardura eta erantzukizun handiak ditugu aurretik, ez baititugu erronka makalak", nabarmendu zuen Izagirrek.

Bide horretan, aurreko agintaldiko "inposatze politika" hizpide izan zuen: "2015ean hori ezabatzeko konpromisoa hartu genuen, negoziazio eta parte hartzea sustatuz, eta gizartearekin dugun ituna berretsi nahi dut, bakean oinarrituriko politika sustatuz".

Alkate izendatu berriaren lehen hitzen ondoren, Nora Urbizu EH Bilduko oposizioko buruak hitza eskatu zuen. Alkateak  tarterik ez zuela erantzun zion, baina idazkariak tartea eskaini zion Urbizuri: "Azken urtebetean absurdo erabatekoa bizi izan dugu udalean, eta ahultzearen adibide gehiago ditugu, kudeaketa onarenak baino. Etengabeko inprobisazioan aritu zarete".

Horren harira, EAJko udal gobernuak "dena ezkutuan" egin izan duela salatu zuen oposizio-buruak, baliabideak herrian utziko dituen alkate bat eskatuz: "Eta ez alkatetza hartu aurretik poltsikoak bete nahi dituena".

52.000 euro, ezbaian

Ohiko osoko bilkurako gai zerrendan hirugarren puntua zen, atzo, kargua erabateko dedikazioz beteko duten udalkideen ordainsariak eta erregimena onartzeko proposamena. Bilkura puntu horretara iritsi zenean, ordea, Maite Izagirre alkateak hirugarren puntua hurrengo bilkuran eztabaidatuko zutela jakinarazi zuen, lepo betetako aretoko hainbat herritarren haserrea piztuz, Zergatiaz galdetuta, "arazo pertsonalak direla eta, ez gaude denok" esan zuen.

Horrela, galde-erreguen txandara bitarte itxaron behar izan zuen oposizioak, alkate berriaren soldataren gaiaz beren iritzia plazaratzeko. Nora Urbizuk, hasteko, "alkatearen soldatarena arazo publikoa" dela azpimarratu zuen, segidan hainbat datu emanez: "Lanbide arteko gutxieneko soldata 9.172,80 eurokoa da, eta zuk %5,6 gehiago eskatu duzu. Billabonatar asko hilero 1.000 eurora iritsi ezinik dabiltzan bitartean, zuk, urtean 52.000 euro irabazi nahi dituzu eta, gainera, alkate izan aurretik hartu duzu erabakia. Lotsa eman beharko lizuke, eta niri auzo-lotsa eta haserrea besterik ez dit pizten. Beharrezko den guztietan salatuko dugu, hau guztia lotsagarria delako".

Bide beretik, Arantxa Lopez EH Bilduko zinegotziak ere hitza hartu zuen, eta alkateari "soldata galaktikoa" ezarri nahi zuela egotzi zion: "Ez dakit nork eskaintzen dizuen aholkularitza, baina 5.000 biztanle baino gutxiagoko herri batean horrelako soldata eskatzea sekulakoa da. Tolosako alkateak ere –18.000 biztanle baino gehiagoko herri bat izanik–, 44.000 euro irabazi zituen iaz".

EAJko udal taldeak, bere aldetik, gaiaren inguruko eztabaida atzeratzeko erabakiari eutsi zion, oposizioak esandakoari erantzun gabe.

Mozioak eta errekurtsoak

PSE-EEko zinegotzi Maria Luisa Arijak Euskadilagunkoia sarera atxikitzeko proposamena eraman zuen plenora, mozio baten bitartez. Besteak beste, hirugarren adineko herritarren beharrei erantzuteko laguntza eskaintzen du sareak, irisgarritasuna nahiz oinarrizko zerbitzuak hobetuz. Udalbatzak mozioa onartu zuen EAJko zinegotzien botoekin, sarera atxikitzea erabakiz.

Arantxa Lopez EH Bilduko zinegotzia, berriz, erabakiaren aurka azaldu zen, "lehendik eginda zegoena desagerrarazi eta izen berri bat jartzea besterik ez delako, aurreko agintaldiko guztia ezabatuz". Besteak beste, IBILIAN egitasmoa bertan behera utzi izana salatu zuen Lopezek.

Mozioaz gain, UNI2 enpresak udalari ezarritako errekurtsoa ere hizpide izan zuten osoko bilkuran. Eraikin publikoetako garbiketa zerbitzua kontratatzeko pleguetan hizkuntza irizpideak zehaztuak ditu Amasa-Villabonako Udalak, duela hainbat urtez geroztik; euskarazko proposamenak lehenesten dituzte eta, bestela, elebitan idatzita daudenak. Idazkariak azaldu zuenez, ordea, UNI2 garbiketa enpresak gaztelera hutsean egin du proposamena eta, beste bi enpresarekin batera, aukeraketatik kanpo geratu da hizkuntza irizpide horiek direla eta.

Bada, udalaren aurkako errekurtsoa ezarri du enpresak eta 20 egun inguruko epean ezagutuko du ebazpena Amasa-Villabonako Udalak. Epaileak dioenaren arabera, hizkuntza irizpideak bere horretan utzi ahal izango dira edo aldatu egin beharko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!