Susana Davilak sei marka berri egin ditu

Asier Imaz 2016ko ekainaren 23a

Ekainaren 11an Espainiako Absoluto Mailako Txapelketa jokatu zen, Madrilen. Bertan Danok Danena Halterofilia Taldeko pultsulariek parte hartu zuten emaitza hauek lortuz.

Nesketan, zilarrezko domina bat ekarri zuten etxera eskualdeko pultsulariek. 58 kilotan, Susana Davila billabonatarrak, bigarren postua eskuratu zuen. Horrez gain, Davilak Euskadiko sei marka puskatu zituen. Hiru juniorren mailan, eta beste hiru absolutuan: 77 kilo arrankadan, 97 kilo bi denboratan eta 174 kilo total olinpikoan.

Susana Davilarekin batera, Naiara Madrid ere lehiatu zen, eta 48 kilotan seigarren egin zuen.
Mutilei dagokienez, Mikel Alvarez izan zen dominarekin itzuli zena Madriletik. 85 kilo kategorian hirugarren egin zuen Alvarezek. 62 kilotan Ekaitz Kortajarenak hartu zuen parte, eta bosgarren postu batekin konformatu behar izan zuen.

Danok Danena Halterofilia Taldetik guztiak zoriondu nahi izan dituzte, eta pultsulari hauen txapelketa ona izan dela gogoratu dute, ez baita ahaztu behar maila oso altua zegoela: «Olinpiar Jokoetara joateko plazak zeuden jokoan, eta ondorioz, lehiakortasun handia».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!