Lain musika taldeak bere agurra iragarri du

Ataria 2016ko eka. 20a, 13:28

2008ko argazkia (Elkar.eus)

Amasa-Villabonako Lain taldeak musikaren mundua utziko du; bere azken kontzertuak azaroan eskainiko dituzte.

"Gure tximeletak askatu genituen eta urrun egin dute hegan. Hain urrun, jada ez direla zeruan ikusten ere. Lain taldean izugarri maite ditugun tximeletak badira ere, ezinezko bihurtu zaigu hauen kontrola. Min handiz diogu, Lain familiak azken kontzertuak egingo dituela 2016ko azarora arte. Izugarrizko bide ederra izan da, joan eta etorriekin. Imanol joan zen, Joseba eta Mikel elkartu ziren eta gure muina beti elkarrekiko familia maitasuna izan da. Hala ere, gure lanbide eta lan proiektu berriek ezinezko bihurtu dute aurrera jarraitzeak. Tximeletak askatu genituen eta hegan egin dute. Ume ginela hasi ginen, baina adin batera iritsi gara eta arrazoi zuten gure zaharrek zein ederra zen ardurarik gabe bizitzea ziotenean. Besterik gabe, ahalik eta agurrik goxo eta jendetsuenera ailegatu nahiko genuke gure agurra emateko. Beraz zuen herrian Lain taldeak jotzea nahi izanez gero, gurekin kontaktuan jarri eta bertan egoten saiatuko ginateke. Mila esker bidean gure alboan izan zaretenoi. Lain taldea badoa baina musikak hor jarraituko du betiko..."

Facebookeko bere orrialdean argitaratutako mezu honekin ezagutarazi du Lain Taldeak bere agurra. 

2008an sortu zen Lain, Amasa-Villabonan, eta Maketa Lehiaketa irabaztearekin batera gero eta gehiago joan zen hedatzen. Leire Berasaluze (ahotsa), Kristina Aranzabe (ahotsa), Jon Altuna (bateria), Imanol Urkola (gitarra) eta Javi Riverok (baxua) osatu zuten taldea 2011ra arte eta denbora tarte horretan bi disko kaleratu zituzten: Lain (2009) eta Leihoak (2011). 2015ko maiatzean, hirugarren diskoa kaleratu zuten: "Tximeletak"

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!