Maite Izagirre zinegotzia aurkeztuko du EAJk alkategai

Jon Miranda 2016ko eka. 20a, 11:38

Astelehenean, ekainak 27, 19:00etan egingo dute alkate berria izendatzeko bilkura. Juan Mari Iparragirrek hartuko du Iban Agirrek zinegotzi gisa utzitako lekua. 

EAJk Amasa-Villabonako alkate izateko hautagai berria aurkeztu du gaur.  Egun zinegotzia den Maite Izagirre Irazustabarrenak hartuko du Iban Agirreren lekukoa alkatetzan. Alderditik nabarmendu dute alkate izateko profil ezin hobea duela, zerbitzu publikorako bokazio eta lidergo ahalmena duen emakumea delako.

Era berean, zinegotziek beren sailetan jarraituko dute eta beraz, duela urtebete aurkeztutako gizon emakume talde berak jarraituko du udala zuzentzen, jada jorratzen hasitako herri proiektuari eta ekindako lanari jarraipena emateko.

Alkategai berriaren hitzetan, "arduraz, ilusioz eta gogoz ekingo diot erronka berri honi. Lasai nago, esperientzia duen zinegotzi talde bikaina dudalako, eta badakit, alkate ohiak hasitako lan eta bideari jarraipena emateko nire talde osoaren eta baita udal langileen laguntza eta babesa izango dudala”.  “Norberaren herriko alkate izatea ohore bat da eta erantzukizun handia ere bada, karguak dakartzan ardura eta lanak ez direlako nolanahikoak, baina lehen eguneko konpromiso eta ilusio berarekin jarraitu dugu guztiok lanean” gehitu du.

EAJren gobernu taldeak herriaren eta herritarren alde, gertutasunez eta gardentasunez, lan egiten jarraituko duela berretsi du. Izan ere, jeltzaleek helburu dute herritarrekin, gainerako alderdi politiko eta erakundeekin elkarlanean proiektu berriak garatzea eta guztion artean Villabona hobe bat eraikitzea.  “Elkarrizketa eta adostasuneko kultura politikoarekin jarraituko dugu, hori baita gure lan egiteko eta kudeaketarako eredua. Herritarrak entzuten eta errespetatzen jarraituko dugu eta emandako hitzari eutsiz, duela urtebete aurkeztutako egitasmoak garatzen joango gara herriari behar duen bultzada emateko” gaineratu dute jeltzaleek.

Amaitzeko, jeltzaleek herriarekiko konpromisoa berretsi dute, beste behin ere, eta azpimarratu dute pertsonak eta beren ongizatea direla udal jardunaren ardatz nagusia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!