129 pilotari eta 151 pilota partida

Asier Imaz 2016ko eka. 17a, 13:54

Hasi dira jada Villabonako Santio Jaietan jokatuko diren pilota txapelketa ezberdinen pilota partidak. Bost txapelketa antolatu dira: eskuz binaka nagusiak; pasaka; palaz eta frontenisekoa.

Guztira 129 pilotarik hartuko dute parte eta denetara 151 partida jokatuko dira. Beraz, pilotaz gozatzeko aukera izango da datorren uztailean ospatuko diren Santio Jaiak iritsi bitartean.

Eskuz binaka nagusien torneoa gonbidapenezkoa da. 24 bikotek hartuko dute parte eta Euskal Herri osotik etorriko dira jokatzera: bizkaitarrak, arabarrak, nafarrak, iparraldekoak eta gipuzkoarrak. Partida guztiak astearte eta ostegunetan jokatuko dira 19:00etan hasita Villabonako Bearzana pilotalekuan. Finalak uztailaren 27an jokatuko dira eta txapeldunak Gabonetan antolatuko den IV. Antton Pebet Memorialerako plaza irabaziko du.

Pasaka txapelketaren hirugarren edizioan bederatzi bikotek hartuko dute parte. Galdua zegoen modalitatea da, eta Villabonan ere bultzada izan du eta joko dibertigarria da. Edozeinek probatu dezakeena, neska zein mutil eta gero eta arrakasta gehiago duena. Olaederrako kiroldegiko frontoian jartzen da sarea eta ikusmina sortzen da. Partidak astearte eta ostegunetan 18:00etan jokatzen dira.

Frontenis banaka txapelketan 23 lagunek eman dute izena eta Olaederra kiroldegiko frontoian jokatuko dira partidak. Pasaka eta fronteniseko finalak uztailaren 24 arratsaldean jokatuko dira.
Mutilen pala txapelketan bederatzi bikotek parte hartuko dute eta astelehen, asteazken eta ostiraletan jokatuko dituzte partidak Villabonako Bear Zana pilotalekuan. Finalak uztailaren 27an eskuzkoekin eta neska palazkoekin batera.

Eta arrakasta handiena izan duena nesken pala txapelketa dugu. 11 bikotek izena eman dute. 22 neskak, palaz inoiz ibili gabeak edota aspaldian utzita zutenak. Giro ezin politagoa sortu da beraien artean eta entrenamenduak ere egiten dituzte ahal duten guztietan. Partidak, mutilekin egutegian nahastuz astelehen, asteazken eta ostiraletan jokatuko dituzte Villabonako Bear Zanan. Finalak esan bezala uztailaren 27 arratsaldean izango dira. Bestalde, horrelako poza sortu du txapelketa honetan horrenbeste emakumek parte hartzeak, Oria Merkatal Elkarteak parte hartzaile guztiak afari batera gonbidatu dituela. Oriak, pilota eta emakumeak babesteko konpromisoa erakutsi du ekimen honekin. Beraz, herritar eta bailaratar guztiak gonbidatuak daude partida ezberdinak gozatzera. Aukera badago.

Behar zana pilota eskolako izen ematea irekita
Datorren 2016-2017 ikasturterako Behar Zana Pilota eskolan errebotean, esku pilotan, joko garbian zein palaz neskak izen emateko epea zabaldu da. Horretarako Villabonako ikastetxeetan banatu dira izen emate orriak.  Dena den, beste inork izena ema nahiko balu 688 62 64 37 telefonoan edo beharzanapelota@gmail.com helbidean eman dezake datorren ekainaren 29 bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!