"Gaitasun eza, geldotasuna, utzikeria eta inprobisazioa" egotzi dizkio EH Bilduk udal gobernuari

Ataria 2016ko eka. 16a, 19:18

Hurrengo osoko bilkuran, alkatea aukeratzeko bozketan, Nora Urbizu EH Bilduko zerrenda buruaren alde bozkatu duela iragarri du koalizioa abertzaleak.

Legealdia hasi zenetik urtebete pasa ondoren, EH Bilduko udal taldeak agerraldia egin du 12 hilabete hauen balorazioa publikoki aurkezteko. Xabat Laborde zinegotziak adierazi duenez, "EAJ alderdiak udala gobernatzeko ezintasun nabarmena erakutsi du".

Aurreko legealdian osatu, onartu eta bideratuta utzitako proiektuei jarraipena ematera mugatu da udal gobernua Amasa-Villabonako EH Bilduren ustez. "Iniziatiba falta izugarria izan du, ez du bere kabuz ia egitasmo proiektu berri bakar bat ere mahai gainean jarri eta gestioa aurrera eramatera mugatu da, eta hori ere modu traketsean egin du; udaleko lan egiteko prozedurak jarraitu gabe, adibidez". Aurreko legealditik datozen proiektuak zerrendatu ditu Labordek: "Herri baratzen proiektua, oraindik egin gabe dauden mendi bizikleten ibilbideak, Arratzaingo futbol zelaiko obrak, edo Arroako plazaren konponketa. Kasu gehienetan atzerapenarekin gauzatu dira". Egitekoak ziren bi proiektu paralizatu direla ere aipatu du koalizio abertzaleak: "iaz herritarren bozka bidez aukeratua izan zen Larrea auzoko parkea estaltzeko proiektua eta aurtengo aurrekontuetan gobernu honek aurkeztu duen inbertsio nagusia –Amasako Lizarragako bidearen konponketa– geldirik daude".

Udalaren funtzionamenduan ere jarri du arreta Labordek. Apenas batzorderik ez dela egiten aipatu du: "Euskara, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola eta ingurumen sailak ia abandonatuta eduki dituzte, ezertxo ere egin gabe. Dirudienez sail hauek ez dute garrantzirik EAJrentzat". EH Bilduko zinegotziak gogoratu du, batzorde hauek direla sail bakoitzean dauden gaiak mahai gainean jarri, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko udalak dituen foroak. "Beraz, utzikeria eta alferkeria puntu bat ere antzeman dugu. Alderdi jeltzaleko zenbait zinegotzi ez dira ia udal honetatik pasatzen, osoko bilkurara etorri eta bozkatzeko ez bada". Herritarren parte hartze aktiboa ere albo batera utzi dutela salatu du Labordek, "Ados! parte hartze mahaiak desagerrarazi egin dira eta aurrekontuak osatzeko garaian ez da ez inkestarik ez aurkezpen publikorik egin".

Oposizio lan "serioa eta zorrotza"

Nora Urbizu, EH Bilduko zinegotziak nabarmendu duenez, "urtebete honetan ez gara udal gobernuari kontrol lana egitera mugatu, gure herriaren mesedetan oposizio eraikitzailea egiten jardun dugu". Alkatearentzat eskaerak, negoziazio bilerak, aurrekontuei zuzenketak eta proposamenak luzatzen jardun dutela esan du oposizio buruak, "gehienetan ordea, EAJren gobernuak ez gaitu kontuan hartu eta alde batera utzi ditu gure proposamenak".

Aurreko urteko udal hauteskundeen emaitzek oposizioan kokatu zuten EH Bildu eta "egin beharreko autokritika ariketa egin, herritarrekin partekatu eta sakon hausnartu ondoren, udal honetan egin beharreko lana antolatu genuen".

Alkate berriaren hautaketa

Besteak beste, Amasa-Villabonako EH Bilduk antolatua duen herrigintza taldeko kide, Beatriz Unzuek, alkate berriaren hautaketaren inguruan hitz egin du udaletxe atarian eskainitako agerraldian. Iban Agirre, orain arteko alkateak, aurreko astelehenean utzi zituen ardura politiko guztiak. Hamar eguneko epean ospatu beharreko osoko bilkuran, EAJk zinegotzi kargua hartuko duen pertsona izendatu eta alkate berria izateko nor proposatzen duen adierazi beharko du. "Gaur gaurkoz, Villabonako EAJk ez digu hartu beharreko erabaki hauen inguruko ezertxo ere jakinarazi", esan du Unzuek.

Hala eta guztiz ere, hurrengo osoko bilkuran alkatea aukeratzeko bozketan, Nora Urbizu EH Bilduko zerrenda buruaren aldeko bozka emango duela jakinarazi du EH Bilduko udal taldeak. "EAJ erakutsi duen inkonpetentziaren aurrean, guk lan talde sendoa dugu, herria ezagutzen duena, lanerako gogotsu dagoena eta gure udala behar bezala gobernatzeko gaitasuna duena. Ezkerreko alternatiba herritar eta parte hartzailea mahai gainean jarriko du EH Bilduk hurrengo osoko bilkuran". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!