Korapiloa askatzen hasteko

Jon Miranda Labaien 2016ko eka. 16a, 12:47

Aritza kultur elkarteak Hotzikararen Kronika: Tortura Amasa-Villabonan 1960-2011 lana aurkeztu zuen asteartean eta aitortza egin zien 50 urteotan herrian tortura jasan dutenei

Kolpeak, poltsa, biluzteak, mehatxuak, irainak, atseden eza, lo falta, oihuak… Tortura praktiken aipamen zehatzik ia ez zen egin asteartean, Aritza kultur elkarteak argitaratutako liburuaren aurkezpenean. Kontatzen ez dena, bada, ordea. Subijana etxera gerturatutakoen arpegieran nabari zen, tortura Amasa-Villabonan errealitate gordina izan dela, orain arte ahoz gora inoiz kontatu ez den arren.

«Horregatik, gaiak duen gogortasunagatik, bereziki eskertu nahi dugu euren testigantza eman diguten herritarrei», aipatu zuen ekitaldiaren hasieran Esti Amenabarrok, kultur elkarteko kideak. Aurretik Espainiako gerraren inguruan egindako ikerketa osatzera dator lana eta 1960tik 2011ra arrazoi politikoengatik emandako 144 atxiloketa aztertu ditu Aritzak. Horietatik, funtzionario publikoek, eraikin publiko batean eragindako 88 tortura kasu frogatu ahal izan dituzte.

Zerrenda horretan azkena da Lander Etxeberria billabonatarra: «6.000 biztanletara iristen ez den herri batean 88 kasu dokumentatu ahal izan badira, proportzioan, Euskal Herrian, 45 mila kasuz ariko ginateke hizketan». Paco Etxeberriak zuzentzen duen aditu taldea ari da torturaren inguruko egitasmoa gauzatzen Eusko Jaurlaritzaren enkarguz. Oraingoz, 5.000 kasu zerrendatu dituzte eta «beraz, oraindik ere asko dago ikertzeko», Lander Etxeberriaren iritzian. Aritza kultur elkarteak lan hau burutzeko jaso duen laguntza eskertu du: «Euskal Memoria fundazioaren lana dago oinarrian eta Paco Etxeberria eta bere lan taldeak aholku baliagarriak eman dizkigu», aipatu du Amenabarrok.

Amasa-Villabonan tortura jasan duten herritarrek aurkeztu dituzten salaketa bakar batek ere ez du aurrera egin epaitegietan, «nahiz eta kasu larriak egon diren tartean». Salaketek egin duten bide judizial laburraren inguruan hitz egin du aurkezpen ekitaldian, TATeko abokatu Lorea Bilbaok: «Epaitegien jarrera beti ezeztatzearena izan da. Inkomunikazio aldiak ahalbidetzen du tortura. Gero frogarik egon ez dadin, bost egun izaten dituzte nahi dutena egiteko, inolako lekukotzarik gabe. Gainera, auzitegiko medikuak tortura zantzuak desagerrarazten saiatzen dira». Hala ere, babes eske jo izan dute TATetik Europako Giza Eskubideen Auzitegira eta zenbait kasutan Espainiako estatua zigortu du auzitegi horrek tortura salaketak ez dituelako ikertzen. «Sinesgarriak direla eta zantzuak badaudela dio Estrasburgok. Besteak beste, inkomunikazio aldiarekin bukatzeko gomendioa luzatzen du epaietan».

KOBERTURA ZABALA

Inkomunikazioa, politikoek ezarritako neurria dela dio Bilbaok, «eta beraz, auzitegietan salaketek aurrera egin ez dezaten babes politiko eta mediatikoa behar du torturak». Bat dator, Lander Etxeberria: «gorputz polizial oso bat egon da nahastuta kontu honetan eta inpunitate osoz jardun dute botereko estamentu guztiek». Duela urte batzuk Olarra anaiek egindako tortura salaketaren epaiketa ekarri du gogora billabonatarrak: «Guardia Zibilei babesa ematera joandakoak gehiago ziren, Olarratarrei babesa ematera joandakoak baino».

Astearteko ekitaldian, zorionez, alderantzizkoa gertatu zen. Jendearen berotasuna jaso zuten Amasa-Villabonan tortura jasan duten herritarrek eta Aritza kultur elkartearen aitortza, egindako lanaren ale bana eta krabelina jasota. Ekitaldian parte hartu zuen Mikel Egibarrek nabarmendu zuenez, «egin diguten zauri hori itxi eta geratu zaigun orbaina aktibo politikoan bihurtzea dagokigu torturatuoi».

«Amesgaizto bat izan da eta herri honek ez du horren beharrik. Ametsak behar ditugu eta torturaz hitz egitea baino gehiago komeni zaigu askatasunaz eta erabakiaz hitz egitea. Horrek elkartuko gaitu». Aurrera begirako mezu horrekin bukatu zuen ekitaldia Etxeberriak.

Sistematikoa izan da torturaren erabilera Espainiako estatuan gonbidatu guztien ustez. «Oreka hori lortu dute. Torturaren errealitatea ezkutatu dute, baina ez guztiz. Euskal Herrian denok izan dugu torturaren berri, ezarritako botereari aurre eginez gero, bagenekien zer zetorkigun gainera» dio Etxeberriak. Korapiloa askatzen hasi da eta orain arte kontatu ez den , dagoeneko, errealagoa da, Aritza kultur elkarteak egindako lanari esker.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!