Ibon Ariznabarreta izango da jarduneko alkatea Amasa-Villabonan

Jon Miranda 2016ko eka. 14a, 09:58

Atzo iluntzean ospatutako ezohiko udal batzarrean orain arteko alkate, Iban Agirreren dimisioa gauzatu zen. Jardunean ariko da Ibon Ariznabarreta eta baita Eneko Urdangarin alkate-orde gisa.

Hunkituta hitz egin zuen Agirrek atzoko batzarrean: "Lana zaila egin zait eta ez nintzen eroso sentitzen. Norbera eroso ez badago ezin da lanera gustura etorri. Pena handia ematen dit lana polita baita, baina osasuna arriskuan dagoenean, hobea da atzerapausoa ematea. Datorrenak seguruena askoz hobeto egingo du. Barkamenak eskatzen dizkizuet, momenturen batean huts egin badizuet, bai politikariei, bai langileei eta baita herritarrei ere. Eskerrak ematen dizkiot alderdiari nigan jarritako konfiantzagatik eta sentitzen dut, baina ezin diot apustuari eutsi. Kargua handia geratu zaidala iruditzen zait, eta gaizki aritzea baino hobea da garaiz uztea".

Suerte ona opa izan zien gainerako zinegotziei eta "errespetuz, ahalik eta akordio eta komunikazio gehiena egotea" espero du. Hori sustatzen jardun duela dio Agirrek, azkeneko urtebetean.

Oposizioak barkamena eskatu izana eta jarrera hori agertu izana eskertu zuen. EH Bilduko Xabat Labordek, "ukoa aurkeztu zen egunetik, eman diren azalpenak ez dira batere egokiak izan. Modu batera edo bestera, norbere arduretatik ihes egiteko ahalegina egon da, eta publikoki behintzat, ardurak udal honetan lan egiten duten pertsonengan utzi dira". Komunikabideetan eman diren azalpenak, ez direla "eleganteak" izan adierazi du koalizio abertzaleko zinegotziak. "Udal barruko lan giroa deserosoa izan dela, aldatzen saiatu zaretela esan duzue EAJtik. Zertaz ari zareten argitzerik baduzue?"

Galderari erantzun zion jarduneko alkate Ibon Ariznabarretak, EAJko udal taldearen izenean: "aukera hau aprobetxatu nahi dugu udaleko langilerekiko konfiantza azaltzeko, beren profesionaltasunarekiko eta ongi-egitearekiko konfiantza, guztiz konbentzituta baikaude egitasmoak aurrera ateratzeko langile horien lana ezinbestekoa dela".

Alkate ohiak argitu zuenez, "giro txarra esan nuenean, esan nahi nuen ni ez nintzela gustura sentitzen lanarekin. Ez dut esan nahi horrekin langileek ezer sustatu dutenik. Arduradun nagusi bezala, ni ez naiz nahi nuen lan giroa sustatzeko gai izan".

PSE-EEko zinegotzi, Maria Luisa Arijak errespetua adierazi du alkate ohiaren erabaki pertsonalarekiko. Normaltasunez hartu du erabakia eta berretsi du, "talde sozialistak inoiz ez duela arazorik izan udaletxeko langileekin". Polemika hori ekidin zitekeela uste du Arijak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!